Bertsotan ere hika eginez borobildu dute aurtengo Hike eizan! sariketa

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 26a

Oier Etxeberria eta Nahikari Campos azpeitiarrek jaso dituzte aurtengo bi sari nagusiak, eta Naia Arrizabalagak, Oier Juaristik eta Judit Eisman eta Alaine Tenak kategoria bakoitzeko Azkoitia sariak. Sari banaketaren aurretik, goi mailako lau bertsolariren saioaz gozatzeko aukera izan dute Elkargunera bertaratu diren ehun bat bertsozalek.

VI. Hika bertso saioa eta V. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin zituzten atzo arratsaldean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Publikoarentzat jarritako aulkirik gehientsuenak beteta, ehun bat bertsozalek goi mailako bertso saioaz gozatzeko aukera izan zuten aurrena.

Hain zuzen ere, Nerea Elustondo, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Aner Peritz aritu ziren kantari, Haritz Alberdiren aginduetara. Gai jartzaile azkoitiarrak jarritako ariketak hitanoa erabilita osatzen saiatu ziren bertsolariak, batzuetan erraztasun handiagoarekin besteetan baino. Horrelakoetan ohikoa denez, ariketa askotan umorera jo zuten bertsolariek, eta haiei begira ordubete atsegina pasatzeko aukera izan zuten herritarrek.

Bertso saioa amaitu orduko ekin zioten V. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sariak banatzeari. Ana Azkoitia alkatea, Marijose Arregi Euskara zinegotzia eta Eneritz Artetxe Erniarraitzeko kidea igo ziren oholtzara sarituei diplomak ematera.

Helduen mailan, Oier Etxeberria azpeitiarrak jaso zuen sari nagusia Kare bizia bertso sortagatik; bigarrena, Aimar Goenaga eibartarrak, Baloi hari esker lanarengatik; eta Azkoitia Saria, Naia Arrizabalagak, Haizeak harabil bertsoengatik.

Gazteen mailan, 15 eta 18 urte artekoenean, lan bakarra aurkeztu zuten lehiaketara, eta sari nagusia eman gabe uztea erabaki zuen epaimahaiak. Dena den, Oier Juaristik jaso zuen kategoria horretako Azkoitia Saria, Urteak aurrera gizartea atzera bertso sortarengatik. Juaristik ez zuen izan atzoko ekitaldira joaterik, eta haren aita igo zen agertokira semeari zegokion saria jasotzera.

14 urte bitarteko umeen mailan, berriz, Berdintasuna izeneko bertsoei esker Nahikari Campos azpeitiarrak jaso zuen sari nagusia; eta Judit Eismanek eta Alaine Tenak jaso zuten Azkoitia Saria, elkarrekin sortutako Temuko komun arraroa bertso sortarengatik.

Urtero bezala, Elkargunera bertaratu ziren herritarrek saritutako lanak biltzen dituen liburuxka bana jaso zuten opari. Horrela, irabazleekin batera abestu ahal izan zituzten haiek sortutako bertsoak, oholtzara igo ahala.

Guztira, 14 bertso sorta aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara: zazpi lan helduen kategorian, bat gazteenean eta sei umeenean. Epaimahaia, berriz, Hike Eizan! taldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek osatu dute. Ekitaldia bukatzeko, sarituek, epaimahaiko kideek, bertsolariek eta udaleko ordezkariek taldeko argazkia atera zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide