Ezohiko eran dator garagardo festa Azkoitira

Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 26a

Azokaren antzolatzaileak atzo arratsaldean, Malekoian. (Utzitakoa)

Entzun kultur elkarteak antolatuta, bihar eta uztailaren 4an egingo dute garagardo festa. Orotara, hamar garagardo dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Azokaren kokapenak eztabaida piztu du udalaren eta antolatzaileen artean. Azkenean, Zurt tabernaren atarian egingo dute festa. 

Entzun kultur elkarteak antolatuta, datozen bi larunbatetan garagardo azoka egingo dute Azkoitian. Agirre Lehendakaria ibiltokian –malekoia bezala ere ezagutzen da eremu hori– zegoen iragarrita garagardoaren bueltako festa, baina Azkoitiko Udalaren baimenaren faltan, Zurt tabernaren atarian egingo dute. Bihar eta uztailaren 4an, hamar garagardo mota desberdin dastatzeko aukera izango dute herritarrek 18:00etatik aurrera. Edariez gain, pintxoak, Zaloña Aurrekoa baserriko hanburgesak eta euskal saltxitxak eskainiko dituzte bihar. Albi DJak girotuko du jaia. 

Uztailaren 4an, berriz, jan-edanerako aukeraz gain, harri jasotze erakustaldia eta musika ere izango dira Zurt atarian. Egun horretan ere 18:00etan irekiko dute garagardo azoka, eta pintxoak, fingers-ak eta saltxitxak dastatzeko aukera izango da. Aritz Aranguren Norde harri jasotzaile azkoitiarrak eskainiko du kirol erakustaldia eta Elortxa DJak jarriko du musika. 

Honako garagardo hauek dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: Flysch, Skeleton Bay, Longball Larry, Karom, Mamba, Basqueland, Inedit, Book Damm, Radeberger, Grimberger eta IPA Complot. 

Kale erabileraz eztabaida

Hainbat urtez herriko plazan egin izan zen Azkoitiko garagardo azoka Iraurgi ISBk edota Anaitasuna futbol taldeak antolatuta. Azken urteetan, baina, kirol taldeek ez dute halakorik antolatu, eta aurten Entzun elkarteak baliatu du azoka antolatzeko aukera. Elkarteko kideek, ordea, eztabaidak izan dituzte udalarekin, kale erabilera tarteko. Entzuneko ordezkariek salatu dute udalak ez diela utzi garagardo azoka eremu publikoan antolatzen. Gukari adierazi diotenez, hainbat leku proposatu zituzten garagardoaren bueltako jaia egiteko, Azoka Plaza nahiz Agirre Lehendakaria ibiltokia, esaterako. Erakundeak, ordea, ez die eremu horiek erabiltzeko baimenik eman. Elkarteko kideek udalaren jarrera salatu dute, eta adierazi dute Entzunen helburu nagusia Elkargunean kontzertuak antolatzea izan arren, horretarako diru sarrera propioak lortu behar dituztela eta xede horrekin antolatu dutela garagardo festa. Udalak, baina, adierazi die Entzunek ez duela ekarpen sozialik egiten urtean zehar, eta azoka eremu publikoan antolatzeko nahikoa arrazoi ez dituztela esan die. Entzunekoak desados daude, eta azokarekin aurrera egitea erabaki dute, baina Zurt tabernaren atarian. Hain zuzen, taberna horren terraza Agirre Lehendakaria ibiltokian dago. "Kontzertuak antolatzeko dirua behar dugu, eta udalak emandako diru laguntza ez da nahikoa. Entzunek ez du bere onurarako antolatu garagardo azoka, kontzertuak antolatzen jarraitzeko baizik. Finantziazio propioa lortzeko helburuarekin antolatu dugu garagardo azoka", azaldu dute Entzunekoek. "Kontzertuek eta garagardo azokak ez al diote herriari sozialki eta kulturalki eragiten?". 

Udalarekin ere jarri da harremanetan Guka. Ana Azkoitia alkateak erakundeak hartutako erabakia berretsi du, eta azaldu du Entzunekoek ekitaldia iragartzerako bazekitela udalaren baimenik ez zeukatela aukeratutako eremua erabiltzeko. Erakundearen arabera, martxoaren 8an sartu zuten eskaria udalean, eta hark apirilaren 27rako eman zien ezezko erantzuna idatziz. Alkateak adierazi duenez, horren ostean hainbat bilera egin dituzte antolatzaileekin, eta hainbatetan azaldu dizkiete baimena ez ematearen arrazoiak. Besteak beste, udalak dio Entzun elkartearen egitekoa noizbehinka kontzertuak antolatzea dela, baina finean ez duela ekarpen soziala xede. "Udalak sarritan utzi izan die herriko eragileei kalea erabiltzen, azkena Pilotari Egunean, egitarauaren osagarri bezala plazan barra txiki bat jarri baitzuten. Beste kontu bat da elkarte batek bere onurarako hamar metroko barra bat jarri nahi izatea eremu publikoan, festaren eta eskaintzaren helburua garagardoa saltzea besterik ez denean", adierazi du Azkoitiak. Hark gaineratu du tabernariek bestela ere eskaintzen dutela zerbitzu hori. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide