Matadero Ekintzak taldeak antolatuta, Katakrak editoriala Matadeixen izango da etzi, igandea, Zazpigarren gizona liburua aurkezten (12:00). Liburu hori 1975. urtean argitaratu zuten aurrenekoz. Europako migrazioari buruzko ikerketa du oinarrian John Berger idazleak idatzi eta Jean Mohr argazkilariak osatu zuen liburuak. Aurten, Iñigo Roque itzultzaileak itzuli du liburua euskarara, Katakraken eskutik, Bergerren jaiotzaren mendeurrena tarteko, eta hain justu, Katakrakeko editore Hedoi Etxarte izango da liburua aurkezten Matadeixen etzi.
Migratzaileen ahotsa, baldintzak eta irudiak bildu zituzten Bergerrek eta Mohrrek liburuan, baina Bergerrek bera aditua zen hiru diziplina uztartu zituen: artistarena, nobelagilearena eta arte kritikari marxistarena. Besteak beste, migratzaileek beren lurretatik edota etxeetatik zergatik alde egiten duten azaltzen du liburuak. Era berean, liburuan galdetzen du zergatik den horren nekeza migratzaileek eta natiboek politikoki bat egitea.
Matadero Ekintzakoek aurreratu dutenez, edateko bermuta eskainiko diete aurkezpenean parte hartzen duten herritarrei.