Ane Boschek Espainiako Aire Libreko Atletismo Txapelketa jokatuko du etzi, igandea, Logroñoko (Espainia) Adarraga atletismo pistan. Espainiako autonomia erkidegoen arteko lehian izango da korrikalari azkoitiarra, eta Euskadi ordezkatuko du 18 urtez azpikoen 3.000 metroko proban; 09:50ean hasita jokatuko du lasterketa Boschek.
Otsailaren 8an, Boschek Euskadiko Txapelketa irabazi zuen distantzia horretako proban, Donostiako Anoetan; 10 minutu eta 35 segundoko denbora ezarri zuen egun hartan Boschek. Dena den, hil horren 28an denbora bederatzi segundoan hobetzea lortu zuen azkoitiarrak, bere marka pertsonala lortuz: 10 minutu eta 26 segundoko denbora eginda lortu zuen azkoitiarrak Gipuzkoako txapelketa irabaztea.
Aurten ere, iaz bezala, Espainiako Aire Libreko Atletismo Txapelketa jokatzeko txartela lortu du Boschek. Iaz, 16 urtez azpikoen kategorian aritu zen korrikalari azkoitiarra, La Nuciako (Herrialde Katalanak) atletismo pistan.
Banaka, hurrena
Bestalde, 18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa ere jokatuko du Boschek, banaka. Dena den, hitzordu hori hurrengo asteburuan izango du korrikalari azkoitiarrak. Bosch 1.500 eta 3.000 metroko probak jokatzeko dago sailkatuta –4 minutu eta 51 segundoko denbora du 1.500 metrokoan–. Nolanahi ere, bi probetako bat hautatu behar izan du hark, eta 3.000 metrokoa egitea erabaki du. Uztailaren 5ean, igandez, jokatuko du proba Castelloko (Herrialde Katalanak) Gaeta Huguet pistan, 20:00 inguruan hasita.