Bertso-pilota jaialdiarekin ospatuko dute Gurearen ibilbide berriaren lehen urteurrena

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 26a

Iazko uztailean Gurea pilotalekuaren inaugurazioan izan zen pilota partida. (Ane Olaizola)

Udal pilotalekuaren ardura eskuz aldatu zutenetik urtebete igarotzear denez, bertsoa eta pilota uztartuko dituzte uztailaren 3an, inaugurazioan egin zuten moduan. Sarrerak eros daitezke jaialdirako. 

Datorren hilean urtebete osatuko du Gurea udal pilotalekuaren ibilbide berriak. Izan ere, iaz azpiegitura horren kudeaketa eskuz aldatu zuten, eta inaugurazioan egin zuten moduan, pilota eta bertsoa uztartuta ospatuko dute lehenengo urteurrena, uztailaren 3an, ostiralez.

Hango arduradunek bertso pilota jaialdia antolatu dute egun horretarako, eta 21:00etatik aurrera, gizonen zein emakumeen pilota partida banaz eta bertso saioaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Pilota partidei dagokienez, emakumeetan Salsamendi-Menzabal bikotea Zabaleta-Erasunen aurka arituko da; eta gizonetan, Mikel Goñik eta Erasunek osatutako bikotea Urmenetaren eta Juaristiren aurka arituko da nor baino nor. Beñat Gaztelumendi eta Iker Zubeldia bertsolari-botilleroek girotuko dituzte partida horiek.

Jaialdi horretara joateko, bost eurotan salduko dituzte sarrerak, eta aurrez eros daitezke frontoian bertan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide