Ugarteigarango igerilekuetako "gizalege falta" gaitzetsi du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 24a

Igerilekuetako komun bat, paperez beteta. (Azkoitiko Udala)

Udalaren arabera, komunak paperez beteta agertzen dira, lurrean, konketetan edo hormetan botata, eta berdegunean ere "hondakin ugari" pilatzen da. Erakundeak gogoratu du "guztien ardura" dela espazio publikoak errespetatzea. 

Ugarteigarango igerilekuetako "gizalege falta" salatu du Azkoitiko Udalak, ekainaren 12an estali gabeko igerileku horiek zabaldu zirenetik, hainbatek ez dituztelako errespetatzen hango bainugelak zein berdegunea. Erakundearen arabera, komunak paperez beteta agertzen dira, lurrean, konketetan edo hormetan botatzen dituztelako paper puskak. Zelaian ere "gauza bera" gertatzen dela adierazi du hark: "Garbitzaileek lurrera botatako paper eta hondakin ugari jaso behar izaten dute egunero".

Egoeraren aurrean, Ana Azkoitia alkateak gaitzetsi du "erabateko errespetu falta" dela igerilekuaren "ordena eta gutxieneko higiene zein bizikidetza arauak" errespetatzen dituztenekiko: "Komunetako papera kendu behar al dugu inork lurrera bota ez dezan? Bakoitzak eraman behar du papera etxetik bainugelei garbi eutsi ahal izateko? Horretara iritsi behar al dugu? Hainbeste kostatzen al da edukiontziak erabiltzea eta guztiok ezagutzen ditugun arauak betetzea? ".

Hori dela eta, espazio publikoak zaintzeko eskatu du udalak, gogora ekarrita guztienak direla eta "guztien ardura" dela azpiegitura horiek errespetatzea, baita hiri altzariak, lorategiak edo parkeak ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide