Iker Hernandez karateka azkoitiarra denboraldi ona osatzen ari da, eta horren erakusgarri da azken asteetan lortutako emaitzak, hirutan jarraian lortu baitu hark podiumera igotzea: azkenekoz, Donibane txapelketa irabazi zuen joan zen ekainaren 13an Iruñean, eta aurrez, Nojan eta Cangas de Narcean (Espainia) lehiatutako txapelketa banatan bigarren eta lehen postuak erdietsi zituen, hurrenez hurren. Haren arabera, irailaren 26an eta 27an Albaceten jokatuko duten Espainiako Ligarako "oinarri" dira azken emaitza horiek.
Junior mailan lehiatzen du Hernandezek, eta gaur egun, Ortuellako (Bizkaia) Osasun karate eskolako kidea da. Kata modalitatean lehiatzeko entrenamenduak jasotzen ditu hark, eta iraileko hitzordurako "giltzarri" zaizkio prestakuntza horiek.