Azkoitiko Udalak ekaineko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai-ko eta PSE-EEko zinegotziak 18:00etan elkartuko dira han, eta hamabi puntuko gai zerrenda eztabaidatuko dute. Gai ordena horren barruan, etxez etxeko laguntza zerbitzuari lotutako kontuak izango dituzte hizpide udal taldeek.
Gainerakoan, herriko bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzea, Gurutzeaga eremuan eraikitako kale berriari izena ematea, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askatasunaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako adierazpena aurkeztea eta kontu-hartzailearen txostenen berri ematea izango dituzte helburu biharko hitzorduan.
Ohi bezala, udalak emandako irudiei esker, Gukak zuzenean eskainiko du biharko udalbatzarra. Hona hemen biharko udalbatzarraren gai zerrenda:
- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
- Azkoitiko bake epaile titularra eta ordezkoaren hautaketa jardunbideari hasiera ematea.
- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prestazioa esleitzeko jardunbidea hutsik uztea.
- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prestazioa esleitzeko jardunbideari hasiera ematea.
- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 4 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 29-Gurutzeaga AUn eraikitako kale berriaren izendapena onestea.
- EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena: Ekainak 28, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askatasunaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna.
- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: 2025 ekitaldiko finantza barne kontroleko urteko txostena.
- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: 2025 ekitaldian udal kontu-hartzaileak planteatutako eragozpen txostenak, txosten teknikoak eta horiek ebazten dituen alkatearen ebazpenak.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak