Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrek brontzezko dominak eskuratu dituzte asteburuan, Arrasateko Mojategin (Gipuzkoa) jokatu dituzten Gipuzkoako Atletismo Txapelketan. Bingen Aranbarrik, Ane Boschek eta Udane Nuinek hirugarren amaitu zituzten beren probak, eta hala, podiumeko hirugarren koskara igo ziren hirurak.
Boschek zapatu arratsaldean korritu zuen 1.500 metroko proba eta hura Realeko Naiara Rojasen (04.51.69) eta Super Amara taldeko Naia Piquerren (04.52.12) atzetik sartu zen helmugan. Bosch hirugarrena izan zen, lasterketa 04.54.16 denboran osatuta. Igandean, berriz, Xeyeko beste hainbat korrikalarik parte hartu zuten txapelketan.
Gizonen 800 metrokoen finala jokatu zuen Aranbarrik, eta hura hirugarrena izan zen. Orioko Kamel Ziani taldeko Sunahi Huegun izan zen azkarrena, 01.51.92 denbora eginda, Atletico San Sebastian taldeko Victor Yaguez bigarrena 01.55.27 denborarekin, eta Aranbarri hirugarrena, 01.57.47 denbora eginda.
Emakumeen 600 metroko finalean, berriz, Udane Nuin azkoitiarrak brontzea eskuratu zuen, Realeko Maui De la Fuente (01.46.39) eta Tolosa taldeko Malen Garcia (01.49.69) atzetik sartu eta gero. Nuinek 01.51.10 denboran amaitu zuen proba, bere markarik onena ezarriz.
800 metroko proban aritu ziren, bestalde, Julen Zialtzeta eta Oier Arrizabalaga azkoitiarrak, eta biek beren markarik onena lortu zuten. Zialtzetak 02.01.03 denboran osatu zuen ibilbidea, eta Arrizabalagak 02.09.30 denboran.