Ikasturtearen azken doinuak, jaialdietan

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 19a

Xabier Munibe ikastolak jaialdiak eskaini ditu Gurea pilotalekuan. Asteazkenean, Lehen Hezkuntzakoen txanda izan zen, eta atzo, Haur Hezkuntzakoena. Bi egunetan ikuskizun koloretsuak eskaini dituzte Xabier Munibekoak. 

Xabier Munibe ikastolak agurtu du ikasturtea. Bi urtean behin eskaini ohi dute ikastetxe horretako ikasleek jendaurreko jaialdia, eta HHko nahiz LHko ikasleek musika eta dantza uztartuz eraikitako ikuskizunak aurkeztu zituzten herenegun, asteazkena, eta atzo, osteguna, Gurea pilotalekuan. Asteazkenean, Lehen Hezkuntzakoen txanda izan zen, eta ostegunean, Haur Hezkuntzakoena.

Ordea, ez dira izan haurrak bakarrik bi egun horietako protagonistak; izan ere, Xabier Munibek erretiroa hartu duten zenbait irakasle omendu zituen atzo. Itziar Izagirre, Juli Bidegain, Marian Alberdi eta Arantxa Odriozola irakasleei ikastolan egindako ibilbidea aitortu zion egungo zuzendaritzak. 

Bi jaialdien argazki eta bideo gehiago eskegi ditu Xabier Munibek honako lotura honetan

Gaur, jaia

Gaur, bestalde, ikastolaren jaia ospatuko dute eskolan bertan. 16:40ean, kalejiran joango dira eskolaren sarreraraino, eta 17:00etan txupinazoa botata hasiko dute festa: 19:00etara bitartean, apar festa, puzgarriak, herri kirolak, dantza saioak, aurpegi margotzeak, tailerrak eta bestelako jolasak egingo dituzte.

19:00etatik 21:30era, berriz, musikak hartuko du tartea Xabier Munibe ikastolaren atarian. Abesbatzaren emanaldia izango da orduan, baita erromeria saioa ere. 22:00etan amaituko dute jaia, eta horrekin batera, 2025-2026 ikasturtea.

(Argazkiak: Xabier Munibe ikastola)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide