Bertso giroan elkartu dira herriko ikastetxeak, Baztartxon

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 18a

Eneritz Artetxe bertsolaria, kantuan. (Udala)

Gu Ere Bertsotan jaialdia tarteko, Eneritz Artetxe eta Xabat Illarregi bertsolariak ikasleen aurrean aritu dira kantuan. Hain justu, ikasleek jarritako gaiei erantzunez osatu behar izan dituzte bi bertsolariek bertsoak.

Gu Ere Bertsotan jaialdia egin dute gaur, osteguna, Baztartxo antzokian. Ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko proiektua da Gu Ere Bertsotan, eta gaur ikasturte osoan zehar landu, abestu, osatu eta elkarbanatu dituzten lanak aurkezteko parada izan dute Floreaga ikastetxeko, Xabier Munibe ikastolako eta Bizilore eskolako LH 4, LH 5 eta LH 6. mailetako ikasleek. Eneritz Artetxe eta Xabat Illarregi bertsolariak aritu dira kantuan, eta ikasleak gai jartzaile lanetan.

Irati Artetxe irakasle azkoitiarraren eskutik, guztira, hamalau talde osatu dituzte aurten herriko hiru ikastetxeetan. Orain arte, LH 6. mailako ikasleek parte hartzen zuten soilik proiektuan, baina udalak hala erabakita, ikasturte honetan LH 5. mailakoek ere jaso dituzte aurten bertso eskolak. Era berean, LH 4. mailako ikasleekin proba pilotua gauzatu dute. 

Proiektu horren bidez, bertsolaritza ikastetxeetan ikuspegi zabal batean lantzeko aukera eskaintzen du, bereziki, lau arlotan sakonduz: hizkuntza, kultura, musika (ahotsa) eta gaitasun pertsonalak nahiz sozialak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide