"Ertzaintzak eredu sionista inportatu du"

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 18a

Eusko Jaurlaritzaren "konplizitatea" salatzeko ekintza bat; ezkerretik bigarrena da Artola. (Utzitakoa)

Jaurlaritzaren "errepresioa" salatzeko eta eskubideak defendatzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean. Hara atxiki da Luix Artola, Global Sumud Flotillari ongietorria egitera joan eta Loiun atxilotu zutenetako bat.

Euskal Herriko dozena bat eragilek deituta, manifestazioa egingo dute etzi Bilbon (17:30), Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean eskubide zibil eta politikoak defendatu leloarekin. Deitzaileen artean daude, besteak beste, Azpeitia Errepresioaren Aurkako kideak; baita Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-Urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Mbolo Moyo Doole ere. Guztiak ere arlo desberdinetako mugimendutakoak izanagatik, komunean duten zerbaitek bultzatu ditu eragile eta norbanako horiek mobilizatzera. "Ertzaintzaren errepresioa eremu askotan ari gara ikusten, eta mugitzen den herritar ororen aurka ari da polizia errepresio latza erabiltzen, izan ekologismoan, etxebizitzaren arloan edo langileen kontuetan. Mobilizazioak erasotzen dituzte etengabe, jipoiz edota isunez, eta herri mugimenduarentzat onartezina da hori. Izan ere, poliziaren jokaera faxista indarra hartzen ari dira, ez Euskal Herrian bakarrik; eskuin muturraren ideologiaren barrutik ari da jarrera autoritario hori hauspotzen", esan du Luix Artolak, Palestinaren aldeko borrokan aritzen den azkoitiarrak.

Khalas! Palestina-Uribe Kosta elkarteko kidea da Artola, eta testuinguru horretan kokatu du larunbateko martxa –berak ere bat egin du mobilizazioarekin–. Izan ere, Ertzaintza "oso ideologizatuta" ikusten du azkoitiarrak, eta hori joan den maiatzaren 23an Loiuko aireportuan (Bizkaia) "oso nabarmen" ikusi ahal izan zela dio; poliziaren eta Global Sumud Flotillan parte hartu zuten sei euskal herritarren zein haiei ongietorria egitera joan ziren herritarren artean izan ziren gertaeretan, hain zuzen. Loiura iritsi orduko, ertzainak oldartu zitzaizkien flotillako kideei, eta haietako bi eta haien harrera egitera joandako bi lagun atxilotu zituzten, autoritatearen kontrako atentatua, erresistentzia eta desobedientzia larria leporatuta. Tartean, Artola bera hartu zuten atxilo hainbat orduz.

Egun hartan bizitakoa xehe kontatu du azkoitiarrak. Adierazi duenez, flotillako kideei harrera egiteko elkartu ziren lagunek uste zuten goizean iritsiko zela haien hegaldia. Azkenean, baina, 13:30ean heldu zen, eta bitarte horretan, hegaldi eta bidaiari asko iritsi zirela gogoratu du Artolak. "Ordubete hartan ez zen segurtasun langilerik agertu, eta inongo arazorik gabe kudeatu ahal izan genuen jendearen joan-etorria". Beste ordubete zain egon beharko zutela ikusita, sakabanatzea erabaki zuten. Artolaren hitzetan, orduan agertu zen Ertzaintza, eta berengana joan ziren identifikazio eske, "beste inongo arrazoirik" eman gabe. "Hasi ziren esaten manifestaziorako baimenik ez genuela, eta guk erantzun genien ez zela manifestazio bat, baizik eta ongietorria. Gero, esaten ziguten komunikatu gabeko elkarretaratze bat zela, eta guk ezetz... Ikusita zer bandera eta lelo genituen, hasieratik oso jarrera gogorra zuten gurekiko". Azkoitiarraren arabera, Ertzaintza "une oro" saiatu zen ongietorria "oztopatzen eta galarazten". Hala ere, Ertzaintzak antolakuntzakoekin erabaki zuen ekintza nola gauzatu. Poliziek onartu zuten flotillakoak etortzen zirenean argazki bat ateratzea eta aurreskua dantzatzea, baina besarkadak-eta kanpoan ematekotan. "Pentsa, harremana bera ere galarazten saiatu ziren". Polizien partetik "gorroto begiradak eta amorru asko" sumatu zituzten: "'Hobe flotillakoak han geratzen badira' eta halako esaldi adierazgarriak ere entzun genituen; Palestinarekiko gorroto handia erakutsi zuten".

"Bat-batean" ertzainen beste hiru furgoneta agertu, eta haiek ere "oso oldarkor" hurbildu zitzaizkiela kontatu du Artolak. "Gaiztotuta zetozen, eta itxura txarra hartzen zihoan egoera. 13:30erako ongietorri guztia antolatuta zegoen, baina flotillakoak etorri zirenean, ertzainek ilaran jarri zituzten haiek. Gu baranda baten atzean geunden, hura pasatzeko debekuarekin. Une batean, igaro behar ez zuten leku batetik hasi ziren bidaiari batzuk agertzen. Haiei lekua egiteko, beraiek antolatutako flotillakoen lerroa bultzatzen hasi ziren ertzainak, oso modu zakarrean".

Hortik aurrera, han eta hemen zabaldu diren irudiek "guztia" esaten dutela dio azkoitiarrak. Flotillako kide bat egoera "baretzera" joan eta ertzain bati "eskua sorbaldan jarri" ostean, poliziak hura lurrera bota zuela kontatu du, eta une horretan jo zutela barandaren atzean zeudenetako batzuk flotillakoak babestera: "Haien gainean etzan ginen beste jipoirik paira ez zezaten. Izan ere, flotillakoek aurrez jasan zituzten torturak eta jipoiak buruan genituen han geunden guztiok, eta ezin genuen onartu haiek berriz inongo tratu txarrik jasatea. Automatikoki salto egin genuen haiek babestera, ez genuen ertzainik ukitu, baina poliziek beren amorru guztia askatu zuten batere gupidarik gabe, gu lurrean egon arren".

"Hipokresia" 

Egun hartan jasotako tratuan baino, Ertzaintzaren zein Jaurlaritzaren politikan jarri nahi du arreta Artolak. Batetik, salatu du Ertzaintzak "eredu sionista inportatu" duela, Israeli teknologia erosiz zein haren formakuntza jasoz: "Loiun ere argi ikusi zen Ertzaintzak Israelgo armadaren eredua maite duela. Irudietan ikusten da bere faxismoa, Israelen kopia dena, baina beste leku batzuetan ere zabaltzen ari dena". Testuinguru horretan kokatu du Jaurlaritzaren jarrera ere, gobernuaren "konplizitatea" salatuz. "Segurtasun sailburuak esaten du Palestinaren aldeko jarrera duela Jaurlaritzak, eta hori gezurra da. Izan ere, Jaurlaritzak eta bere laguntzarekin jarduten duten enpresa askok harreman komertzial ugari dituzte Israelekin aspalditik. Enpresa asko ari dira armagintzan eta arma ikerketan Israel hornitzen edota Palestinan probatutako armak eta teknologia erosten".

Artolaren arabera, EAEren eta Israelen arteko tratu komertzialak urteko 200 milioi eurokoak dira, baina txanponaren bestaldean, erakundeak "saiakera" egiten du "bere burua garbitzeko", UNRWA errefuxiatuentzako Nazio Batuen agentzia diruz lagunduta. "Urte hauetan 1,5 milioiko diru laguntzak eman dizkio erakunde horri. Konparatu bi kopuruak". Azkoitiarrarentzat, "larriena" da Jaurlaritzak dirua ematen diola Palestinari, "zauriak sendatzeko tirita bat" jarriz, baina bien bitartean, "kolonizazioa laguntzen" ari dela. Jaurlaritzaren "kontraesana eta hipokresia" salatu ditu, "garbi" adierazi baitu zein politika daraman Israelekiko zein Palestinarekiko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide