Enara Lanzeta eta Born to dance dantza eskolek ikasturte amaierako jaialdiak eskainiko dituzte bihar eta etzi, Baztartxo antzokian. Enara Lanzeta dantza eskolakoak bihar, ostirala, igoko dira antzokiko oholtza gainera (19:00), eta Born to dance eskolakoek etzi, zapatua, ordu berean.
Enara Lanzeta eskolako haurrek eta helduek parte hartuko dute haien emanaldian, eta horiek askotariko dantzak aurkeztuko dituzte jendaurrean; dantza latindarrak, komertzialak, fusioak, zumba girokoak... "Musikaz eta energiaz betetako dantza erakustaldia" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. "Publiko guztientzako ikuskizuna izango da, eta estilo nahiz koreografia desberdinak aurkeztuko ditugu".
Born to dance eskolakoek, berriz, Glow & Flow izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Dozenaka lagunek parte hartuko dute zapatuko ikuskizunean, 5 eta 50 urte bitartekoak denak ere. Ohi bezala, haiek ere askotariko dantzak eskainiko dituzte jendaurrean, hala nola areto dantzak eta musikal edo funky girokoak. Eskola horretako ordezkariek adierazi dute Glow & Flow ikuskizuna ez dela soilik dantza jaialdi bat izango. "Argiek gidatuko dute bidea, musikak lotuko ditu bihotzak, eta pauso bakoitzak istorio bat kontatuko du".
Bi emanaldietarako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke.