Azkoitiko palistek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalerdietako itzulerako partidak jokatuko dituzte bihar, ostirala, Gurea pilotalekuan. 19:00etan hasita arituko da Oteizako talde hori Aiaren aurka. Etxetik kanpo eskuratutako emaitza ona –1-2 irabazi zuen Azkoitiak– berrestera kantxaratuko dira herriko palistak.
Oteiza elkartekoek sasoi betean daudela erakutsi zuten joan den astean, Aian. Aiako udal pilotalekuan jokatu zituzten joaneko partidak bi herriek, eta buruz buruko bi partidetan nagusitu ziren Azkoitikoak. Kantxa osoko buruz burukoan, Iker Epeldek 10-20 irabazi zuen; binakakoan, Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak 20-8 galdu zuten; eta zazpi koadro barruko buruz burukoan, Jokin Aizpuru 15-20 nagusitu zen. Tanto kopuruari dagokionez, Azkoitiak 48 tanto egin zituen Aian, eta Aiakoek 45 tanto. Hori hala, finalera sailkatzeko Oteizako palistak ia-ia behartuta daude hirutik bi lehia irabaztera.
Azkoitiak finalera sailkatzea lortuko balu, beste adarrean nor baino nor gehiago ari diren Tolosaren edo Andoainen aurka jokatuko luke finala. Joanekoan, Tolosak 2-1 irabazi zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zapatu eguerdian jokatuko dituzte haiek itzulerakoak, Andoaingo Arrate pilotalekuan. Finala ekainaren 28an, igandez, jokatu beharko dute.