Ekonomia arloan txapeldun ezkutuak diren enpresak aurkitu ditu Orkestra Institutuak, hau da, sektore oso espezializatuetan liderrak diren baina ikusgarritasun publiko txikia dutenak. Orotara, halako 53 enpresa aurkitu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta tartean dago Azkoitiko Ibarmiaenpresa ere.
Orkestrak azaldu duenez, txapeldun ezkutu horien ezaugarri bat nazioarteratze maila handia izaten da. Hala, %90ek Europan jarduten dute, %82k Ipar Amerikan, eta %72,5ek Asian. Tamainari dagokionez, 53 enpresa horietako 21ek 10 eta 50 milioi euro artean fakturatzen dute, eta beste hamaseik 50 eta 200 milioi artean.
Halaber, Orkestraren ikerketaren arabera, enpresa horien guztien sormen ahalmena ohikotik oso gora dago, eta ez dute arriskurik hartzen finantza operazioetan. Erronkei lotuta, berriz, besteak beste, eskulan berezitua eta lekukoa hartuko duten langileak aurkitzeko zailtasunak atzeman ditu Orkestrak.
Institutuaren arabera, enpresa horiek babesa behar dute. Horretarako, batetik, politika malguak diseinatu beharko liratekeela uste du, enpresen errealitate ezberdinetara egokitu ahal izateko; bestetik, enpresen errotzea bermatzeko, barneko finantza ekosistemak ere erraztasunak eman beharko lizkiekela uste du.