Gu Ere Bertsotan proiektuaren jaialdia izango da bihar, Baztartxon

Andoni Elduaien

Baztartxon egindako jaialdi bateko irudia. (Iraia Oteiza)

11:00etan hasiko da jaialdia Baztartxon, eta herriko ikasleek askotariko bertsoak abestuko dituzte hango oholtza gainetik. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek parte hartuko dute saioan.

Bihar, osteguna, haurren Gu Ere Bertsotan jaialdia izango da, Baztartxo antzokian (11:00). Ikas orduetan, ikastetxeetan, bertsolaritza lantzeko proiektua da Gu Ere Bertsotan, eta bihar, ikasturtean zehar landu, abestu, osatu eta elkarbanatu dituzten bertsoak jendaurrean aurkezteko hitzordua izango dute haurrek. Hori hala, askotariko gaiak eramango dituzte Azkoitiko ikasleek Baztartxoko oholtzara.

Bertsozale Elkarteak Euskal Herri mailan garatzen du proiektu hori. Hain justu, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 20.500 ikasle baino gehiagok lantzen dute bertsolaritza ikastetxeetan. Azkoitian, 2008-2009 ikasturtean abiatu zuten proiektua, Azkoitiko Udaleko Euskara Zerbitzuen eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak egindako elkarlanaren bidetik. Proiektu horren bidez, bertsolaritza ikuspegi zabal batean lantzen dute ikastetxeetan, bereziki, lau arlotan sakonduz: hizkuntza, kultura, musika (ahotsa) eta gaitasun pertsonalak nahiz sozialak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide