Anaitasuna futbol klubak amaitu du futbol zelaietan aurtengo denboraldia, eta aste honetan, handik kanpoko azken hitzorduak ditu. Bihar, osteguna, futbol taldeak urteko batzar orokorra egingo du Elkargunean, eta zapatuan, Gorrien Eguna ospatuko du.
Batzar orokorra Elkarguneko Oteiza aretoan egingo du Anaitasunak, 18:00etan hasita. Aurtengo urtearen kirol errepasoa egingo dute batetik, eta bestetik, klubaren kontu ekonomikoak aurkeztuko dituzte. Klubeko bazkideak zein gurasoak deitu dituzte batzarrera, eta haiek galderak eta zalantzak argitzeko aukera izango dute bertan.
Zapatuan, bestalde, Gorrien Eguna ospatuko du futbol taldeak. Ohi bezala, klubean diharduten taldeetako ordezkari guztiak elkartuko dira bazkaltzeko Joseba jatetxean, eta bazkalostean, aurtengo sasoian gol gehien sartu dituzten jokalariak eta gehien nabarmendu diren jokalariak sarituko ditu klubak.