Xabier Munibe ikastolak ikasturte amaierako ekintzak egingo ditu datozen egunetan

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 16a

Xabier Munibe ikastolaren ikasturte amaierako jaialdia, 2022an. (Anartz Izagirre)

Bihar eta etzi HHko zein LHko ikasleen jaialdi bana izango da Gurea frontoian, eta ostiral arratsaldetik gauera eskolaren eguna ospatuko dute, askotariko saioekin. 

Jaialdi zein festa egunekin agurtuko dute ikasturtea Xabier Munibe ikastolaren komunitatea osatzen duten kideek datozen egunetan. Batetik, bi urtean behin eskaintzen duten ikasleen jaialdia izango da bihar eta etzi, eta bestetik, ikastolaren eguna ospatuko dute ostiral arratsaldean. 

HHko eta LHko ikasleek bi egunetan eskainiko dute jaialdia Gurea pilotalekuan: bihar Lehen Hezkuntzakoen txanda izango da, eta ostegunean Haur Hezkuntzakoak izango dira askotariko abestien erritmora dantza egingo dutenak. Bi emanaldiak 18:00etan hasiko dira, eta hara joateko, beharrezkoa izango da aurrez txartela eskuratzea.

Bestalde, ostiralean, ikasturtea amaitu berritan, Xabier Munibe ikastolaren eguna ospatuko dute eskolan bertan. 16:40an kalejiran joango dira eskolaren sarreraraino, eta 17:00etan txupinazoa botata hasiko da festa: 19:00ak bitartean, apar festa, puzgarriak, herri kirolak, dantza saioak, aurpegi margotzeak, tailerrak eta bestelako jolasak izango dira, eta 19:00etatik 21:30era musikak hartuko du tartea, abesbatzaren emanaldiarekin eta erromeria saioarekin. 22:00etan amaituko da jaia. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide