Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarrean parte hartu du Ana Azkoitia alkateak

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 16a

Alkateen Foroan parte hartu duten ordezkariak; eskuinetik zazpigarrena, Azkoitia. (Azkoitiko Udala)

Gizartea gero eta zaharragoa den honetan, testuinguru horrek sortzen dituen erronka eta aukeren inguruko ikuspegiak, esperientziak eta ikaskuntzak partekatzea du xede Donostian egiten ari diren nazioarteko biltzarrak, eta hango kide batzuk ostiralean Azkoitian izango dira, Pasira egitasmoa ezagutzen. Azkoitiko ordezkariak Alkateen Foroan parte hartu du. 

Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarra egiten ari dira egunotan Donostian, eta horren barruan gauzatu duten Alkateen Foroan parte hartu du Ana Azkoitia alkateak. Hark Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein nazioarteko beste hainbat alkateekin partekatu du saioa, hala nola Singapur, Nepal, Paraguai, Alemania, Gambia, Malaysia eta Brasilgo ordezkariekin, eta adineko pertsonak erdigunean jarrita, haiei zuzendu beharreko hiri politikak, gobernatzeko moduak zein lankidetza sareak izan dituzte hizpide, besteak beste. Era berean, aurreratu du biltzarreko hainbat partaide ostiralean Azkoitian izango direla, Pasira egitasmoa ezagutzen. 

Udalak azpimarratu duenez, Donostian egiten ari diren biltzarra "erreferentziazko" nazioarteko topaketa da, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Imsersok sustatu dutena, eta hainbat herrialdeko ordezkariak, profesionalak zein adituak elkartu dira gizarte gero eta zaharrago batek planteatzen dituen erronka eta aukeren inguruko ikuspegiak, esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko.

Izan ere, biztanleria zahartzearen ondorioz, hiri bizitzaren eremu guztiak eraldatzen ari direla azaldu du erakundeak, eta horrek erronka eta aukera berriak dakartzala hainbat esparrutan: besteak beste, etxebizitzan, espazio publikoan, mugikortasunean, zaintzan, parte hartze demokratikoan, enpleguan, tokiko ekonomian, bizialdi osoko ikaskuntzan, klima larrialdian eta bizikidetza eta bizitza komunitarioko moduetan. Hain zuzen, testuinguru horretan, tokiko gobernuek politikak, gobernantza ereduak, lankidetza sareak zein antolaketa kolektiboko moduak birpentsatu behar dituztela esan du udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide