Autobusak antolatu dituzte eskubide zibilen eta polikoen defentsan larunbatean Bilbon izango den manifestaziorako

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 16a

Hainbat lagun larunbatean Bilbon egingo duten manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoan. (e20 manifestazioa)

Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean, Euskal Herriko hainbat eragilek deitu dute manifestazioa. Azkoitiko Dean eta Azpeitiko Haginpe tabernetan eman daiteke joan-etorria autobusez egiteko izena. Larunbatean Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik igaro da autobusa.

Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean, hainbat eragilek manifestazioa deitu dute larunbaterako Bilbon. Hara joateko eta handik itzultzeko autobusak antolatu dituzte, eta dagoeneko eman daiteke joan-etorrirako izena Azkoitiko Dean eta Azpeitiko Haginpe tabernetan.

Larunbatean Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik pasatuko da Bilborako autobusa, honako ordutegi honetan: 15:00etan Zestoako autobus geltokitik; 15:15ean Azpeitiko anbulatorioaren aurretik; eta 15:30ean Azkoitiko Eroski saltoki txikiaren aurretik.

"Ertzaintzaren inpunitatea" salatzea eta "Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurka" protesta egitea dira manifestazioaren helburu nagusiak. "Errepresio betean murgildu gaituzte estatuek, eta horren arduradunak seinalatzea urgentziazkoa da", esan dute manifestazioaren antolatzaileek. Hori hala, "eskubide zibilen eta politikoen aurkako eraso gehiago egon ez daitezen" mobilizatuko direla azpimarratu dute.

Manifestazioaren deitzaileak honako hauek dira: Euskal Herriko Global Samud flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-Urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Mbolo Moyo Doole.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide