Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetara irteera egingo du uztaileko lehen asteburuan. Uztailaren 4an, Baños de Panticosa, Pico Bacias eta Bachimaña gailurrak igoko dituzte; guztira, 15 kilometroko ibilbidea egingo dute, gutxi gorabehera 1.270 metroko desnibel positiboan. Uztailaren 5ean, berriz, ibilbide luzeagoa egingo dute, baina arinagoa; izan ere, Bachimaña, Tebarray eta Baños de Panticosa mendietan ibiliko dira, 16 kilometroko eta 860 metro eskaseko desnibel positiboan.
Mendi taldeak zabalik du dagoeneko asteburu pasa horretan parte hartu ahal izateko izen ematea. Honako lotura honetan eman beharko da izena ekainaren 28a baino lehen. Anaitasunako bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, 70 euro. Prezio horren barruan sartu dituzte aterpetxean egingo dituzten otorduak eta gaua. Dena den, bi egun horietarako janaria eta edaria parte hartzaile bakoitzak eraman beharko du.
Mendi taldeak azaldu du zailtasun tekniko ertaina duen mendi ibilaldiak egingo dituztela. Nolanahi ere, Anaitasunak esan du irteeran parte hartzeko beharrezkoa dela mendian federatuta egotea. Halaber, adierazi du eguraldi baldintzen arabera posible dela planak aldaketak jasatea.