Jubilatuen Eguna ospati dute gaur Urrestillan baina, gaurkoa, jubilatuena ez ezik, Sahatsa dantza taldearen eguna ere izan da. 50 urte dira Urrestillako orduko gazteek Sahatsa sortu zutela, eta gerora bidea Azpeitian eta Azkoitian egin duen dantza taldeak sorlekuan ireki du mende erdiko ospakizunen egitaraua, emanaldi oso berezi batekin.
Izan ere, Sahatsa sortu zutenetako batzuk zein 50 urteotan inoiz taldean aritutako hainbat lagun gaur egun Sahatsan dantzan jarraitzen dutenekin batera aritu dira dantzan gaur Urrestillan. Guztira, 60 dantzari eta hamar txistulari. Emanaldia jarraitzeko ere jende asko elkartu da, eta horien artean ere ez ziren gutxi Sahatsan ibilitakoak. Hunkituta jarraitu dute horiek zein gainerakoek Sahatsak eskaini duen ikuskizun dotorea. Ezpata dantzariz jantzita, eskoletatik abiatu dute kalejira dantza taldekoek. Handik behera, Kalebarrena zeharkatu eta haren barrenean, bide erdian, egin dute ezpata dantza eskaintzeko lehen geldialdia. Kalebarrenetik gora, Kaleaunditik eta Kaletxikitik igaro ondoren iritsi dira plazara Sahatsakoak, emanaldiaren zati nagusia eskaintzeko.
Gogor jotzen zuen eguzkiak eta handia zen beroa. Itzal apurren babesean jarri dira ikusle gehienak, baina dantzariek ezin izan diote ihes egin berotzarrari, eta batzuek antzeman dute bukaeran beroaren eta dantzaren uztartzearen ondorio txarren bat ere. Beroak bero, ordea, agurrarekin hasita, ezpata dantzarekin jarraituta eta Gipuzkoako beste hainbat dantza aletuz, ikuskizun bikaina eskaini dute Sahatsako lehengo eta gaurko kideek eguerdian Urrestillako plazan.
Bazkaria eta omenaldia
Eta Sahatsakoak eguzki betean dantzan ari ziren bitartean, Plaza Txikiaren itzalean gozatu dute hamaiketakoaz Urrestillako jubilatuek.
Beraien egunean, Antxieta elkartekoek eta festa batzordekoek elkarlanean eskainitako hamaiketazkoan eta bazkarian elkartu dira jubilatuak aurten ere. 67 lagunek bazkaldu dute 14:30etik aurrera Antxieta elkartean. Bazkalondoren, ohi dutenez, herriko adintsuenetako bat omendu dute aurten ere: Batiste Aranaga izan da aurtengo lore sorta eta kideen txaloak jaso dituena. Eta, bazkaria eta eguna borobiltzeko, bingoan aritu dira.
(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Urrestillako Festa Batzordea)