Errebueltie Motor eta Ikullu Racing kirol kluben eskutik, VIII. Goilurrak rallya jokatu dute asteburuan Azkoitia eta Lazkao artean (Gipuzkoa), eta aurtengoan, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola izan dira irabazleak. Haien atzetik, Alberto Marcos gidariak eta Garazi Beitia kopilotuak zein Aitor Saizar pilotuak eta Alain Agirre kopilotuak sailkatu dira, hurrenez hurren.
Guztira, 57 pilotuk lehiatu dira rallyan, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, lasterketa luzea izan da aurtengoa, beroa protagonista izan duena. Ostiralean, autoen egiaztapenak eta aurkezpenak egin zituzten Azkoitian, eta horren ondotik, atzo hasi zen rallya. Lehenengo eta hirugarren erlojupekoak Errezilen hasi ziren: Benta Berri paretik ia Santa Engraziaraino dagoen 7,44 kilometroko bidea egin zuten autoek. Bigarren eta laugarren erlojupekoak, berriz, Zestoako Endoia eta Azkoitiko Madariaga auzoko Otarre jatetxearen artean jokatu zituzten. Guztira, 14,58 kilometroko bidea egin zuten zati horietan pilotuek. Lau txanda horiek izan ziren Urola Kostan jokatuko zituztenak; izan ere, ondorengo lauak Goierri eta haren mugakide diren eskualdeetan jokatuko zituzten. Sari banaketa, berriz, Lazkaon egin zuten atzo iluntzean.