Azken unean ihes egin dio Anaitasunari mailaz igotzeko txartelak

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 14a

Anaitasunaren taldea, artxiboko irudi batean. (Anaitasuna)

Igoera faseko azken neurketa jokatu zuen atzo arratsaldean Anaitasunak Soduperen aurka. Azkoitiko taldeak nahikoa zuen berdinketa mailaz igotzeko, baina azken unean bi gol sartu zizkien gorritxoei, eta Bizkaiko taldeak lortu zuen Espainiako Hirugarren Mailara igotzea.

Anaitasunaren gizonen talde nagusiak igoera faseko azken neurketa jokatu zuen atzo arratsaldean Soduperen aurka. Gorritxoek atzera Espainiako Hirugarren Mailara itzultzea izan zuten jokoan norgehiagoka horretan, baina azken unean arerioek bi gol sartu zizkieten, eta ihes egin zien horretarako txartelak. Horrenbestez, Loren Barbadok zuzentzen duen taldeak Ohorezko Erregionalen Mailan jarraituko du datorren denboraldian. 

Joan zen asteburuan Gasteizko Iru Bat taldea 5-0 mendean hartuta eta Sodupek baino gol average hobea izanda, Anaitasunak nahikoa zuen Bizkaiko taldearen aurka berdintzea datorren sasoian Espainiako Hirugarren Mailan lehiatu ahal izateko. Eta halaxe iraun zuen partida ia osoak, ez batak ez besteak golik sartu gabe eta markagailua hutsean zela. Ordea, azken unean markagailua irauli zuten bizkaitarrek, Anaitasunaren atsekaberako; partida luzapen tartean zela, 90. minutuan zehazki, Sodupek aurreneko gola sartu zuen, eta segidan iritsi zen garaipena berretsi zion bigarrena ere. Hala, Bizkaiko talde horrek lortu zuen Hirugarren Mailara igotzea. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide