Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak gaur banatu ditu Bi minutu literatur lehiaketaren sariak, eta aurtengoan, Ane Gurrutxagak jaso du aurreneko saria, Bizia eta hila lanarekin. 500 euroko diru saria eskuratu du hark lehiaketa irabazteagatik, eta bigarren zein hirugarren sariak Ihintza Elustondok zein Mirentxu Larrañaga Sueskunek lortu dituzte, Noiz da udaberria eta Kilin-kulunka lanei esker. Bi saridun horiek 250 eta 150 euro poltsikoratu dituzte, hurrenez hurren.
Hiru saridun horiez gain, lehiaketan parte hartu duten idazleen beste zazpi lanei ere aipamen berezia egin die epaimahaiak; honakoek jaso dute aipamena: Edurne Nuñez Gorpua lanagatik; Ainhoa Odriozola Amamaren mukizapia lanagatik; Mirian Alonso Usainak eta Deia lanengatik; Amaia Arakistain Ate horia lanagatik; Nekane Zalbide Ur-tur lanagatik; eta Ane Gurruchaga Putzua lanagatik. Horiek datorren urteko Geure Gelatik azokan erabiltzeko bina bonu jaso dituzte, eta horrez gain, lan guztiak hurrengo urteko Geure Gelatik azokan irakurriko dituzte.
Hain zuzen, euskara elkarteak urtero antolatzen duen Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokaren barruan prestatu ohi du Bi minutu lehiaketa. 16 urtetik gorako edozein emakumek parte hartu ahal izan dute bertan, eta horiek bi minutu azpitik irakur daitezkeen testuak aurkeztu behar izan dituzte, edozein formatutan. Aurten, 33 lan aurkeztu direla jakinarazi du elkarteak, eta honako hauek osatu dute epaimahaia: Garbiñe Ubeda, Jasone Osoro eta Edurne Lazkano.
Balorazio "positiboa"
Bestalde, lehiaketak aurten izan duen erantzunaren balorazio "positiboa" egin du Maxixatzenek: "Lan dezente aurkeztu dituzte, aurreko urtean baina gehiago, eta epaimahaikideen iritziz, oso maila altuko lanak izan dira aurtengoak". Bere aldetik, hurrengo urtean ere lehiaketa antolatzen jarraituko duela aurreratu du euskara elkarteak, garrantzitsutzat jo baitu idaztea gustuko duten emakumeei beren lanak aurkezteko aukera ematea, eta "ikusgarritasuna" eman nahi dielako era profesionalean idazten ez duten emakumeei.