Bailarako bost ikastetxeek Zimat Urola Erdian azokaren zortzigarren edizioan parte hartu dute gaur, Azpeitiko plazan. Ikasgeletan zientzia eta teknologia alorretan landu eta sortu dituzten proiektuak erakutsi dituzte gaur jendaurrean DBHko eta batxilergoko ikasleek, 11:00etaik 13:00etara.
Ikasturtean, ikasleek zientzia nahiz teknologia arloko erronkak landu dituzte, eta proiektuen garapenean, ikasleek hainbat ikerlarirekin eta profesionalekin harremana izateko aukera izan dute. Modu honetara, ikasleek proiektuak garatu dituzten eremuetako errealitatea hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute. Gaur azokan honako proiektuak aurkeztu dituzte: Natur Zientzietako, Bizi garbiak; Kimikako, Iodozko erlojua; diziplinarteko, Gure baratzeko hazitik margora eta Itsas lerroa arriskuan!; teknologiako, Itzalkin; Fisika eta Kimikako, ADP Kristalak; nahiz Automatizazioa eta Robotikako, Teknologia eta Teknologia eta digitalizazio proiektuak.
Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatutako proiektua da Zimat, ikasleengan zientziarako, teknologiarako zein ikerketarako zaletasuna pizteko. Egitasmoa eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko egiten da, eta zehazki, IB Sarea lankidetza egitasmoaren barruko Hezkuntza Gunean du jatorria. Gaur egun Hezkuntza Gunea Azkoitia BHIk, Floreaga salestar ikastetxeak, Iraurgi ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Izarraizpe ikastola publikoak osatzen dute.