Pilotari erraldoien erreplika txikiak egin ditu udalak, eta zapatuan jarriko dituzte saltzen

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 11

Pilotari erraldoien erreplikak, udaletxeko balkoian. (Udala)

Pilotari Eguna dela baliatuta, herriko plazan jarriko duten postuan salduko dituzte erraldoien erreplikak, 20 euroren truke. Guztira, 500 erreplika aterako ditu udalak salmentara. 

Azkoitiko pilotari erraldoiak etxean eduki nahi dituztenek horretarako aukera izango dute zapatutik aurrera, Azkoitiko Udalak herriko bi erraldoi horien erreplika txikiak atera eta salgai jarriko baititu. Pilotari Eguna dela eta, larunbatean postu bat jarriko dute plazan 11:30etik 13:00etara bitartean, eta han salduko dituzte erraldoien erreplikak, bakoitza 20 euroren truke. 

Udalak azaldu duenez, 500 erreplika jarriko dituzte saltzen, erdiak gizon erraldoiaren erreplikarenak, eta beste erdiak, emakume erraldoiarenak. "Azkoitiak ondo merezia du 'Pilotarien sehaska' deitura, eta erraldoien erreplikekin ere horixe ekarri nahi da gogora, herriko pilotari guztien omenez", azaldu du Juan Bautista Mendizabal zinegotziak eta herriko kronistak.

Hark azaldu du erraldoien eta buruhandien presentzia "aspaldikoa" dela Azkoitiko kaleetan; izan ere, egun Azkoitiko erraldoien konpartsak sei erraldoi baditu ere – aiton-amonak, indiarrak eta pilotariak, bakoitzetik bina–, hasieran bi baino ez zeuden. Herriko erraldoien konpartsak aiton-amona erraldoiekin ekin zion bere ibilbideari. Hain justu, 1948. urtean erosi zituzten bi erraldoi horiek Valentziako Miguen Insa etxean, eta Josefa Antonia Larrañaga arduratu zen haientzat jantziak egiteaz. Ordutik aurrera, bi erraldoi haiek herriko jai egun ugaritan atera zituzten kalera.

Ordea, egun kalera ateratzen dituzten erraldoiak ez dira jatorrizkoak, ezbehar bat baino gehiago jazo baitzen herrira iritsi ziren lehen erraldoien bueltan. "60ko hamarkadaren amaieran, aitona erraldoiak erorikoa izan zuen parrokiaren aurrean, eta zeharo puskatuta geratu zen", azaldu du Mendizabalek. Hori hala, berriak erosi zituzten Zaragozako Arafi lantegian erorikoa izan eta hurrengo urtean: On Kixote Mantxakoa eta Dultzinea Tobosokoa irudikatzen zituzten erraldoi berriek. Ordea, hezetasunaren eraginez azkar hondatu ziren haiek ere, eta orduan, iritsi ziren indiarrak herrira. "1977an, Epifanio Zubizarretak, Ospakizun Batzordeko buruak, indiar erraldoiak erosi zituen Zaragozako lantegi horretan bertan, konpartsari ukitu exotikoa emanez", kontatu du Mendizabalek.

Erraldoien konpartsa eguneratzeko eta osatzeko asmoz, udalak beste bi erraldoi enkargatu zituen 2002. urtean. Aitona eta amona irudikatzen zituzten jatorrizko erraldoi haiei keinu bat egin zien udalak, eta berriak ekarri zituzten. 2004. urtean, berriz, pilotari bikotea batu zen konpartsara; indiar erraldoien jantzi berriak ere diseinatu zituen erakundeak urte hartan. Iaz arte, pilotarien erraldoiak gizonenak izan dira, baina iaz atera zuten aurrenekoz kalera Iñigo Borda artistak ondutako emakume pilotariaren erraldoia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide