Eneritz Artetxek parte hartuko du 19. Bertsolari Txapelketa Nagusian

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 9a

Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurkezpen ekitaldia lurraldeetako ordezkariak gaur. (Bertsozale Elkartea)

Irailaren 19an Hazparnen hasi eta hamabost saio izango dira guztira, eta finala abenduaren 20an jokatuko dute, Iruñeko Nafarroa Arenan. Emanaldietarako sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai. Eneritz Artetxek irailaren 27an kantatuko du Lekeition izango den saioan.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 19. edizioa irailaren 19an hasi eta abenduaren 20an amaituko dela jakinarazi berri du Bertsozale Elkarteak, baita hamabost saiok osatuko dutela ere. Hazparnen (Lapurdi) abiatuko da, eta 2022an bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da finala.

50 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta aurreneko fasean 42 ariko dira kantuan, lau Arabatik, hamar Bizkaitik, hamasei Gipuzkoatik, zazpi Nafarroatik eta bost Xilabatik sailkatuak. Horien artean dago Eneritz Artetxe azkoitiarra. Horiekin batera, hamalau lagunek osatuko dute gai-jartzaile taldea, eta 21 izango dira epaile lanetan arituko direnak.

Aurreneko fasean bertsolari bakoitza non eta norekin lehiatuko den zehaztuta dago, eta horren berri ere eman dute. Eneritz Artetxek irailaren 27ko saioan kantatuko du, Lekeition (Bizkaia). 17:00etan hasiko da saioa, Santi Brouard pilotalekuan. 

Sarrerak hurrengo astetik aurrera salgai

Saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an, hurrengo asteazkenean, jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideek finaleko sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra bitartean, eta aurrez agortzen ez badira, sarrerak egunean bertan txarteldegian eskuratzeko aukera izango da.

Finalerako autobus zerbitzua eta bazkari zerbitzua ere eskainiko da, baina aurrerago emango dute horren berri.

Hiru faseko txapelketa

Txapelketak hiru aldi izango dituela azaldu dute: lehenengo fasea irailean hasi eta urrian amaituko da, zazpi saio izango dira guztira, eta 42 bertsolarik kantatuko dute, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako zazpi talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; puntu gehien batzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara igaroko den taldea.

Bigarren fasea finalaurrekoak izango dira, eta 24 bertsolari ariko dira kantuan: izena eman duten 2022ko zazpi finalista eta lehenengo fasetik sailkatu diren hamazazpi bertsolariak. Bi itzulitara egingo dituzte, lehenengo itzulian lau saio izango dira, eta bigarrenean, hiru. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, eta hemezortzu bertsolarik egingo dute aurrera.

Azkenik, finalean, zortzi bertsolari ariko dira kantuan, 2022ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide