Nolakoa izan zen Erroman igaro zenuen lehen urtea?
Zirraragarria eta dibertigarria, lagun batekin etxetik kanpo bizi bainintzen. Ospitalean lanean hasi ginenean, neska espainiar batzuek lan egiten zuten unitatera bideratu gintuzten. Erromako eta Italiako bizitzara oso erraz moldatu ginen; izan ere, italiarrez gain, Espainiako neska asko zeuden, eta etxean bezala sentitzen ginen.
Zerk bultzatu zintuen Italian geratzera?
Ikasketak bukatzean, ospitale hartan hasi nintzen lanean. Bi master egin nituen, eta erizaintzako ikasketa gehiago egin nituen beste bi urtez. Beraz, hasiera batean, ikasketak eta lana izan ziren Italian geratzeko arrazoi nagusiak. Gero, bikotekidea ezagutu nuen, alabak izan genituen, eta orain arte.
Nola ikasi zenuen italiera?
Erromara iristean italiera ikastaro bat emango zigutela esan ziguten. Dena den, izapide guztiak egin eta lanean hasi ginen berehala, ikastaroari ekin gabe. Ondorioz, ospitalean ikasi behar izan genuen italiera. Gerora egin genuen hizkuntza hobetzeko ikastaro bat.
Erroman soilik bizi izan al zara?
Duela hamar urte, bikotekidearen lana zela eta, Barira –hegoaldeko hiri bat da– lekualdatu ginen. Zortzi urte igaro genituen han, baina nik Erromaren falta sumatzen nuen, ez nintzen guztiz gustura sentitzen han. Orain dela bi urte Erromara itzultzeko aukera sortu zitzaigun, eta hala egin genuen.
Zer zen Baritik gustatzen ez zitzaizuna?
Jendearen izateko modua. Erroman, ohituta nengoan nire bizitzan inor ez sartzera; oso hiri handia da eta aske senti zaitezke bertan. Hegoaldean bizi izan ginena, berriz, herri baten modukoa zen; mundu guztia sartzen zen besteen bizitzetan. Askotan, zeuk jakiterako jakiten zuen jendeak zer egin zenuen, eta izateko modu hori oso itogarria iruditu zitzaidan.
Erroma hiri oso turistikoa da. Nola daramazu hori?
Guri asko gustatzen zaigu. San Pedro basilikatik kilometro batera bizi gara, beraz, beti oinez joaten gara leku guztietara. Turistaz beteta egon ohi da dena, baina gustatu egiten zaigu jende asko egotea. Joan-etorri guztiak oinez egiten ditugunez, ondo moldatzen gara, baina egunero autoa hartu beharko bagenu, askoz estresagarriagoa izango litzateke dena.
Zein da Erromaren eta Azkoitiaren arteko desberdintasun nagusia?
Erroma turismo handidun hiria da, eta askotariko kulturak biltzen dira bertan. Azkoitia oso preziatua da niretzat, familia osoa bertan bizi delako, baina era berean, mugatuagoa da bizi izan dudanarekin alderatuta. Ez dira gauza bera Erroma bezalako hiri batek ematen dizun askatasuna eta herri batek eskaintzen dizuna. Erroman bizitzearen alde txarra da etxetik urrun nagoela, eta batzuetan ez da erraza izaten hori; familia gertu ez izatea gogorra egin zaidan une asko bizi izan ditut.
Eta zein da Erromaren berezitasun nagusia?
Nonahi zaudela, historia xurgatzeko aukera daukazu Erroman. Ni bizi naizen tokitik gertu dagoen ikastetxe batean, erromatarren garaian erabiltzen zuten harrizko antzoki bat dago, eta eskolako antzoki gisa erabiltzen dute orain. Hori da politena: historia eguneroko gauzetan ikustea.