Julen Alberdi Txikia IV.a-k herri kirolari azkoitiarrak bigarrenez irabazi du Euskal Duatloia. Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu dute gaur txapelketa horren final handia, eta azkoitiarrak iazko marka hobetuta jantzi du txapela; aurreko urtean baino 38 segundo azkarrago amaitu ditu lanak Txikiak. Ibai Soroa sailkatu da bigarren hiru minutu eta 36 segundora, eta Xabier Zaldua, hirugarren, lau minutu eta 24 segundora.
Hamaika kirolarik jokatu dute gaurko lehian, eta iazko formatuari eutsi diote: aizkora eta korrikako lanak uztartu behar izan dituzte kirolariek. Lehenik, 45 ontzako enborra ebaki dute etzanda; ondoren, 45 ontzako zutikako enborra; eta amaitzeko, 500 metroko korrikaldia egin behar izan dute dute zezen plazan bertan. Ariketa horiek guztiak lau aldiz osatu behar izan dituzte kirolariek.
Guztietan onena azkoitiarra izan da, hura azkar hasi baita aurkariak atzean uzten. Erakustaldi handia eman du, eta berak aitortu duenez, gozatu egin du finalean: "Aurkariei tartea zabaltzen ari nintzela ikustean, poz horrekin, sufrimenduaren barruan nahikoa erraz egin dut aurrera". Hala, bigarren urtez jarraian hark jantzi du txapela.
Hona hemen sailkapena:
- Julen Alberdi Txikia: 00.22.44
- Ibai Soroa: 00.26.20
- Xabier Zaldua: 00.27.08
- Aitzol Atutxa: 00.29.07
- Eneko Saralegi: 00.29.11
- Eloy Kortxero: 00.30.14
- Oier Mitxelena: 00.30.20
- Julen Kañamares: 00.30.27
- Oier Kañamares: 00.31.17
- Ioritz Gisasola: 00.32.23
- Julen Larrea:00.33.26