Miguel Iguaran futbol jokalari ohia hil da

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 7a

Miguel Iguaran. (Oviedo)

1959tik 1965era bitartean, Oviedon (Espainia) jokatu zuen Iguaranek Espainiako Lehen Mailan. Eibarren, Mallorcan, Lleidan eta Jerez Industrial taldean ere jokatu zuen azkoitiarrak.

Miguel Iguaran futbol jokalari ohi azkoitiarra hil zen atzo, zapatua, 90 urte zituela. Oviedoko (Espainia) Oviedo taldearekin Espainiako Lehen Mailan jokatu zuen Iguaranek 60ko hamarkadan, klub horren erreferente nagusietako bat bilakatuz; izan ere, 1959an batu zen azkoitiarra Oviedora, eta han jokatu zuen 1965era arte. Urte horietan guztietan Espainiako Lehen Mailan aritu zen azkoitiarra.

Azkoitiarrak Bigarren Mailan egin zuen debuta Eibarrekin 1957. urtean. Gero, baina, armaginen taldea utzi eta Oviedorako bidea hartu zuen hark. Hain justu, 1959ko irailaren 27an egin zuen debuta Iguaranek Oviedorekin; Carlos Tartiere futbol zelaian aritu zen hura estreinakoz Atletico Madrilen aurka. Oviedotik irten ondoren, berriz, Mallorcan, Lleidan eta Jerez Industrialen jokatu zuen Iguaranek, baina tarte batez Kanadan ere aritu zen. Oviedora iritsi zenean, 21 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin ere jokatu zuen.

Oviedo futbol taldeak bere samina adierazi du Iguaranen heriotzaren aurrean: "Biziki sentitzen dugu 1959tik 1965era Real Oviedoko erdilari izan zen Miguel Iguaranen heriotza. Paquitorekin batera, Espainiako erdiko lerrorik onena izan zenaren parte izan zen", idatzi du klubak bere sare sozialetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide