Hankak bizi-bizi, giroa gori-gori

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 7a

HH, LH eta DBH mailetako 700 ikasle inguruk parte hartu baitute gaurko lasterketan. Guztira, bederatzi lasterketa jokatu dituzte, eta 700 ikasle inguru aritu dira Plazaberri eta haren inguruko kaleetan korrika.

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako Udaberri guraso elkarteak antolatuta, 42. XM Parte Hartze Herrikoia lasterketa inklusiboa jokatu dute gaur, igandea, herriko kaleetan zehar. Beste urte batez, haurren lasterketa horrek inguruko ehunka ume batu ditu Azkoitian; izan ere, HH, LH eta DBH mailetako 700 ikasle inguruk parte hartu dute gaurko hitzorduan. Eguraldi ederrak lagunduta, gainera, jendetza batu da probaren ibilbidearen bi aldeetan. 

10:3ean hasi dira lasterketak, eta eguerdiarekin batera abiatu dira adinez zaharrenak diren korrikalariak. HH4koek eta HH5ekoek 400 metroko ibilbidea egin dute Ibaiondo kaletik hasita, eta gainerako mailetakoak eliz atariaren eta Plazaberrin artean jarritako irteera lerrotik abiatu dira. LH 1 eta LH 2 mailetakoek 550 metro egin dituzte; LH 3 eta LH 4 mailetakoek, 1.100 metro; LH 5 eta LH 6 mailetakoek, 1.550 metro; eta DBH 1 eta DBH 2 mailetakoek bi kilometro.

Asko hauspoa ondo berotuta helmugaratu dira Plazaberrin bertan aurkitu duten helmugako lerrora, baina denak pozik gaurko kirol hitzorduari indarrez egin diotelako aurre. Gainera, Udaberri guraso elkarteko ordezkariek lasterketako kamiseta bana eta opariz betetako zorroa oparitu diete parte hartzaile guztiei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide