200 mendizalek bete dute zazpi gurutzeak lotzeko erronka

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 6a

Guztira, 200 bat lagunek parte hartu dute mendi martxan. Erlo, Aittola, Zargoate, Hirukurutzeta, Irimo, Izazpi eta Samiño gailurretako gurutzeak igaro behar izan dituzte parte hartzaileek. 

Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, 26. Zazpi Kurutze mendi martxa egin dute gaur, zapatua, Azkoitiko eta inguruko zenbait mendi gailurretan. Guztira, 200 bat lagunek parte hartu dute aurtengo aldian; 06:00etan atera dira horiek guztiak herriko plazatik eta 15:00 aurretik hasi dira plazako helmugara iristen aurrenak, mendi martxa pauso bizian egin dutenak, alegia. 

Ohiko moduan, zazpi gurutze lotu dituzte mendizaleek: Erlo, Aittola, Zargoate, Hirukurutzeta, Irimo, Izazpi eta Samiño. Hain justu azken gailur hori izan da aurtengo berrikuntza, Oletaren ordez, Samiñoko gailurrera jo behar izan dute-eta mendizaleek; Izazpitik harako bidea hartu dute parte hartzaileek. Aldaketa horren eraginez, 51 kilometroko mendi martxa egin dute, nahiz eta orain arteko aldi guztietan 55 kilometroko bidea egin izan den. 

Orduak igaro dituzte mendizaleek mendirik mendi, baina guztiak irribarretsu eta egindako ibilaldiarekin gustura azaldu dira. Plazan, gainera, antolatzaileek prestatutako paella eta haiek eskainitako mokadua jan dituzte parte hartzaileek, baita tragoren bat edo beste edan ere. Ohi bezala, herriko eta inguruko herrietako lagunek parte hartu dute aurtengo aldian ere. Mendi martxaren 27. aldia bi urte barru egingo dute berriro.

(Argazkiak: Anaitasuna mendi bazkuna eta Andoni Elduaien)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide