Borja Zubizarreta Domusa Teknik Lana taldeko mendi lasterkari azkoitiarrak irabazi du EH Mendi Erronka (EHME) proba. 06.31.18 denboran osatu du hark 67 kilometroko ibilbidea, lehiakideek baino 7 minutu eta 42 segundo lehenago. Bigarren postuan, Berriozarko (Nafarroa) Imanol Kañamares sailkatu da, eta hirugarrengoan, Ansoaingo (Nafarroa) Ibai Primicia. Bi horiek elkarrekin iritsi dira helmugara, 06.39.00 denboran.
08:00etan abiatu dira partaideak Leitzako (Nafarroa) plazatik; 450 bat lagun atera dira 67 kilometroko eta 7.200 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea egitera. Guztira, zazpi gailurretatik igaro behar izan dute lasterkariek, eta azkoitiarra aurreneko hiru postuetan igaro da beti. Dena den, azken 21 kilometroak lasterketaren buruan egin ditu Zubizarretak.
Mendi lasterketa soila izateaz gain, EHMEk bere oinarrian beste helburu batzuk ere baditu, hala nola euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea, Mendialdea-Aralar eskualdearen garapena bultzatzea, ingurumenaren babesean eragitea eta euskara sustatzea dira probaren helburuak.