Palistek lortu dute Astigarraga menderatzea, baino pilotariek ez Oiartzun

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 6a

Julen Etxaniz, zabalean. (Zezilio Salas)

Palistek joanekoan Gurean lortutako emaitza errepikatu dute Astigarragan, eta finalerdietara sailkatu dira. Pilotariek, berriz, ezin izan dute Oiartzungo emaitza irauli, eta txapelketatik kanpo gelditu dira. 

Oteiza pilota elkartekoek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako itzulerako partidak jokatu zituzten atzo, ostirala, eta emaitzak ez ziren nahi bezain onak izan. Palisten taldearentzat aurkia izan zen, eta pilotarientzat, ifrentzua; izan ere, gomazko paletako taldea txapelketaren finalerdietara sailkatu da, baina pilotarien taldea txapelketatik kanpo gelditu da.

Eskuzko taldeak erronka zaila zuen atzo Gurea pilotalekuan, eta ez zuen lortu amesten zuen helburua gauzatzea. Joanekoan bezala, gazte mailan lortu zuen Azkoitiak puntua, eta beraz, Oiartzunek lortu du finalerdietara sailkatzea, guztira, 2-4 irabazita. Kadeteen mailan, Joanes Juaristik eta Denis Santosek 3-22 galdu zuten atzo; gazte mailan, Julen Etxanizek eta Jon Arregik 22-16 irabazi zuten; eta nagusien mailan, Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik 20-22 galdu zuten.

Batetik, Oiartzunek eta Hernanik neurtuko dituzte indarrak finalerdietan, eta bestetik, Bergarak eta Adunak. 

Txanponaren beste aldean da, ordea, palisten taldea. Etxean 2-1 irabazi eta gero, maldan behera zuten palistek final laurdenetako kanporaketa. Atzo ere joanekoan lortutako emaitza errepikatu zuten Oteizakoek, buruz buruko bi partidetan gailendu baitziren Azkoitikoak. Kantxa osoko buruz burukoan, Iker Epeldek 17-20 irabazi zuen; binakakoan, Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak 20-6 galdu zuten; eta zazpi koadro barruko buruz burukoan, Jokin Aizpuru 13-20 nagusitu zen. Hori hala, Azkoitiak 4-2 irabazi dio Astigarraga iazko txapeldunari.

Orian, Aia izango dute arerio Oteizako palistek. Aiak Soraluze hartu du mendean final laurdenetan, jokatutako sei partidak irabazi eta gero. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide