Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jakinarazi duenez, Azkoitia eta Donostia lotzen dituen UK01 autobus linearen ordutegia zabalduko dute. Aurrerantzean, astelehenetik ostiralera, autobusa ohi baino beranduago hartzeko aukera izango dute eskualdeko herritarrek; izan ere, Azkoititik Donostiara 21:15ean eta Donostiatik Azkoitira 22:25ean abiatuko dira linea horren azken autobusak. Ekainaren 15etik aurrera jarriko dituzte martxan zerbitzu berri horiek.
Orain arte, ostiraletan bakarrik eskaintzen zuen linea horren autobus gehigarria, baina bestelako ordutegi bat zuen: Azkoititik 20:45ean eta Donostiatik 22:05ean abiatzen ziren autobusak. "Zerbitzuaren ordutegia atzeratuta eta astelehenetik ostiralera zabalduta, askoz hobeto artatuko ditugu herritarrak, batez ere lan egitetik beranduago ateratzen direnak", adierazi du Azahara Dominguez diputatuak.
Zerbitzu berriari esker, Urola Erdiko bizilagunek egunero Donostiara iristeko egiten dituzten joan-etorriak "asko" erraztuko direla esan du diputatuak. Era berean, Dominguezek nabarmendu du herritarrek ibilgailu pribatua erabiltzea edo beste pertsona batzuen mende egon behar izatea saihestuko dutela horrela, eta guztien aukera berdintasuna eta autonomia bermatuko dituztela. "Zerbitzua erabiltzaileen benetako beharretara egokitzen jarraitzen dugun heinean, gero eta pertsona gehiagok autobusaren aldeko apustua egitea lortuko dugu".
Bilera alkateekin
Azkoitiko Ana Azkoitia, Azpeitiko Nagore Alkorta nahiz Zestoako Mikel Arregi alkateekin eta Jose Luis Iraeta La Guipuzcoana autobus enpresako arduradunarekin bildu da Dominguez aste honetan, eta horren ondotik eman du berria aldundiak. Bilera horretan UK01 lineari txertatu dioten zerbitzu berriaz hitz egin zuten, baina, era berean, eskualdeko garraio publikoa "hobetzen jarraitzeko elkarrekin lanean segitzeko prestutasuna" adierazi zioten elkarri. Horri lotuta, aldundiak adierazi du Urola Erdiko herritarrak Donostiako ospitale eremuraino eramango dituen zerbitzuen "konexioa hobetzeko elkarlanean" ari direla.