Asfaltatze plan integrala eskatu du PSE-EEk, herriko bide guztien mantenu egokia bermatzeko

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 5a

Ibaiondo kalea, asfaltatu berritan. (Andoni Elduaien)

Alderdi sozialista "kezkatuta" agertu da herriko bideen egoeragatik. Era berean, alderdi sozialistak udal gobernuari gogorarazi dio herriko arazoak eta kalteak jakinarazi ahal izateko aplikazioa martxan jarri gabe dagoela.

Herriko bide guztien mantenu egokia bermatuko duen plan integral bat martxan jartzea eskatu du Azkoitiko PSE-EEk. Alderdi sozialista "kezkatuta" agertu da herriko kaleetako eta auzoetako zenbait bidek egun duten egoeragatik, eta arrazoi horrek bultzatuta egin dio eskaria udal gobernuari. 

Janire Igoa zinegotziak "positibotzat" jo ditu azken egunetan Ibaiondo eta Martin Deuna kaleetan egindako lanak, baina ohartarazi du udalerriko beste gune batzuek "antzeko arazoak" dituztela, eta horietan "premiazkoa" dela esku hartzea. "Garrantzitsua da behar bat dagoen lekuan jardutea. Ezin ditugu ahaztu antzeko egoeran dauden udalerriko beste eremu batzuk. Auzo guztietako bizilagunek merezi dute arreta eta mantenu bera, bizi diren eremua edozein dela ere", adierazi du Igoak. 

Eskakizun hori aintzat hartuta, PSE-EEk udal gobernuari gogorarazi dio herritarrek beren gorabeheren berri eman ahal izango duten udal aplikazioa abian jarri gabe dagoela. "2025eko aurrekontuetan onartutako partida bat du proposamen horrek, baina oraindik ez da garatu. Zaila da ulertzea duela hilabete batzuk onartutako eta hain erabilgarria den partida bat oraindik gauzatu gabe egotea. Oso tresna erabilgarria da, argazkien bidez gertakariei buruzko informazioa azkar eta hurbiletik komunikatzeko aukera emango luke eta", esan du Igoak. 

PSE-EErentzat, aplikazio hori "lagungarria" izango da herrian sor daitezkeen arazoak "lehenago detektatzeko" eta mantenu jardunak "hobeto planifikatzeko". Hori hala, alderdi sozialistak udal gobernuari eskatu dio iazko aurrekontuetan onartutako aplikazioa "ahalik eta azkarren" bultzatzeko. "Oso garrantzitsua da beharra dagoen kaleetan jardutea, baina baita arazoak detektatzen eta irtenbide gardenak ematen lagunduko duten tresnak izatea ere", nabarmendu du Igoak.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide