Iazko txapeldunak menderatzea helburu

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 4a

Pilotarien taldea, Gurean egindako aurkezpenean. (Andoni Elduaien)

Pilotariek aurka duten emaitza irauli beharko dute bihar Gurean, Oiartzun azken urteetako txapelduna kaleratu, eta finalerdietara sailkatu ahal izateko. Palistek, berriz, ondo bideratu zuten etxean Astigarragaren kontrako kanporaketa joan den astean, eta orain, errematatzea dute xede. 

Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako itzulerako partidak jokatuko ditu bihar, ostirala. Pilotariek erronka zaila dute, baina etxeko berotasuna izango dute alde; Gurea pilotalekuan hartuko dute Oteizakoek Oiartzun, 21:00etan hasita. Aldiz, palistek 19:00etan jokatuko dute Astigarragako Txomiñenea pilotalekuan. 

Pilotariek 2-1 galdu zuten joan den ostiralean, Oiartzungo Madalensoro frontoian. Kadeteen mailan, Joanes Juaristik eta Denis Santosek 22-15 galdu zuten; gazte mailan, Jon Arregik eta Julen Etxanizek 6-22 irabazi zuten; eta nagusietan, Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik 22-7 galdu. Kanporaketa gainditzeko, gutxienez, bi partida irabaztera behartuta daude Oteizakoak, hala joaneko emaitza berdinduko lukete eta.

Oteizakoek kanporaketa berdintzea lortuko balukete, tantoen aldeari erreparatu beharko liokete gero; gaur-gaurkoz, Oiartzunek 50 tanto ditu alde, eta Azkoitiak, 44 tanto. Finalerdietara sailkatuz gero, Hernani-Azpeitia kanporaketako irabazlea izango luke kontrario Azkoitiak, joanekoa etxetik kanpo eta itzulerakoa Gurea frontoian jokatuta; joanekoan, Azpeitiak 1-2 irabazi zuen Hernanin. 

Gomazko paletako taldeak, bestalde, bideratu samar du Astigarraga iazko txapeldunaren aurkako kanporaketa. Joan den astean Azkoitian jokatu zituzten haiek joaneko lehiak, eta Oteizakoak buruz buruko bi partidetan gailendu ziren. Kantxa osoan, Iker Epeldek 20-5 menderatu zuen Astigarragako aurkaria; eta zazpi koadroren barruan 20-6 gailendu zen Jokin Aizpuru. Aldiz, binakako partida 6-20 galdu zuten Azkoitiko palistek.

Joaneko partidak jokatu eta gero, 46 tanto ditu alde Azkoitiak, eta 31 Astigarragak. Finalerdietarako pausoa emango balukete Oteizakoek, Soraluze-Aia kanporaketako irabazlearekin neurtu beharko dituzte indarrak, joanekoa etxetik kanpo eta itzulerakoa Azkoitian jokatuta. Joanekoan, Aiak 0-3 irabazi zuen Soraluzen. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide