Anaitasuna futbol taldeak bihar, zapatua, jokatuko du Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko hiruko ligaxkako lehen partida. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailetan bigarren sailkatu diren taldeen artean jokatuko dute igoera fase hori, tartean Anaitasunak, Sodupe (Bizkaia) eta Gasteizko Iru Bat taldeekin batera. Gorritxoek bi arerio horien aurka neurtu beharko dituzte indarrak datozen bi asteburuetan, eta bihar, Txerloia futbol zelaian, Gasteizkoak izango dituzte kontrario (17:00).
Joan den asteburuan jokatu zuten Iru Bat eta Sodupe taldeek ligaxkako beren lehen partida, Gasteizko Los Astronomos zelaian. Sodupe 1-2 nagusitu zen arauzko 90 minutuetan, baina partidaren amaieran balizko berdinketak hausteko penalti jaurtiketak egin zituzten, eta txanda horretan Iru Batek irabazi zuen, 4-3 emaitzarekin. Dena den, Sodupekoak (Bizkaia) dira gaur-gaurkoz sailkapeneko lehenak hiru punturekin. Ligaxkako onenak lortuko du mailaz igotzea, eta hori horrela izanda, Anaitasunak bihar Iru Bati irabazi eta hurrengo asteburuan Sodupe baino hobea izan beharko du.