'El drama' eta 'Pelota II' filma eta dokumentala eskainiko dituzte datozen egunetan Baztartxon

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 3a

'Pelota II' dokumentaleko irudi bat.

El drama filma hiru egunetan emango dute, eta Pelota II dokumentalaren saioa, berriz, astearte iluntzean izango da, Txulue elkartearen eskutik. 

El drama eta Pelota II filma eta dokumentala ikusteko aukera izango da hurrengo asteburuan Baztartxo antzokian. Zinema komertzialaren programazioaren barruko emanaldiak izango dira El drama filmarenak, eta Pelota II dokumentalaren saioa Txulue elkarteak antolatutakoa izango da; hilaren 13an ospatuko duten X. Pilotari Egunaren harira prestatu du hark esku pilotari buruzko ikus-entzunezko lanaren emankizuna. 

Hirutan emango dute El drama filma: larunbatean eta igandean 19:30ean, eta astelehenean —ikuslearen eguna—, 20:00etan. Bikote baten istorioa kontatzen du film horrek: ezkondu aurreko egunetan, krisi gogor bati egin beharko diote aurre senar-emaztegaiek, bikotekide batek besteari buruz zekiena ezustean iraultzen denean. 

Bestalde, Pelota II asteartean emango dute, 20:00etan. Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa da ikus-entzunezko lanaren zuzendaria, eta Jørgen Lethen Pelota (1983) dokumentala erreferentziatzat hartuta, haren lanaren estetika xehetasun etnografikoaren muturreraino eramatea proposatzen du Gonzazelek lan berrian, euskal kulturaren ikur nagusia den pilota ardatz hartuta. Zehazki, partida bakoitzerako egiten den pilota aukeraketan sakontzen du dokumentalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide