"Jokalariak helburu bakar batekin zelairatu ziren: partida zelaian eta modu garbian irabaztera"

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 2a

San Juan futbol zelaia. (Udala)

Gipuzkoako Futbol Federazioak Ohorezko Kadete mailako partiden emaitzak ikertzeko espedientea zabalduko duela iragarri ondoren, Anaitasunak adierazi du bere harrobiko talde horrek "astebururo erakutsi ohi duen errespetu, ilusio eta lehiakortasun berberarekin" egin ziola aurrera ligako azken partidari. Klubak azpimarratu du ez duela "inolaz ere babesten" talde batek zelaian "ehuneko ehunean ez lehiatzea" erabaki izana.

Anaitasuna futbol taldeak oharra kaleratu du gaur, astelehena, bere harrobiko Ohorezko Kadete mailako taldeak Euskal Ligara igotzeko jokatu zuen ligako azken jardunaldiko partidan jazo ziren gertakarien harira. Anaitasunak Donostiako Martutene taldearen aurka jokatu zuen partida San Juan futbol zelaian, eta gorritxoek 16-1 irabazi zuten. Emaitza horrek, ordea, zenbait susmo piztu ditu Gipuzkoako Futbol Federazioan, eta bere baitako Diziplina Batzordeak ezohiko espediente bat ireki du.

Azken jardunaldira puntuetan berdinduta iritsi ziren Anaitasuna, Arrupe Chaminade eta Beasain, eta hori hala, igoera fase guztian egindako nahiz jasotako golek zerikusi handia zuten maila igoera ahalbidetzeko. Arrupe Chaminadek 15-1 irabazi zion Danenari, eta Anaitasunak 16-1 Martuteneri, eta partida horietan izandako ezohiko emaitzak ikusita, maila horretako bi klubek –federazioak ez ditu jakinarazi horien izenak– salaketa aurkeztu dute. 

Gertakari horien aurrean, Anaitasunak azpimarratu du bere harrobiko talde horrek ez zuela izan inolako erantzukizunik emaitza horretan, klubak esan baitu bere taldeak astebururo erakutsi ohi duen "errespetu, ilusio eta lehiakortasun berberarekin" egin ziola aurre Martuteneren aurkako ligako azken partidari: "Jokalariak helburu bakar batekin zelairatu ziren: partida zelaian eta modu garbian irabaztera", esan du klubak gaur kaleratu duen oharrean. Era berean, gorritxoek nabarmendu dute ez dutela "inolaz ere babesten" talde batek zelaian "ehuneko ehunean ez lehiatzea" erabaki izana. "Jarrera horiek txapelketa desitxuratzen dute, eta mesede egin diezaiekete hirugarrenei. Beraz, hori ez dator bat gure klubak futbola ulertzeko duen moduarekin".

Aldi berean, Anaitasunak azaldu du bere "ardura bakarra" izan zela Martuteneren aurkako partida "ahalik eta modurik lehiakorrenean" jokatzea, eta esan du ez dagokiola berari beste taldeek "zelaian hartzen dituzten erabakiei edota jokamoldeei buruzko balorazioak" egitea. "Gure jokalariek beren lana egin zuten: lehiatu egin zuten, irabazten saiatu ziren, eta garrantzitsuena, leialak izan ziren klubak dituen balioekin".

Bide batez, klubak azaldu du "sakonki" sentitzen duela liga txapelketa horrek izan duen denboraldi amaierak kadete mailako taldeko futbolariengan "zapore gazia" utzi izana. "Kanpoko jarreren ondorioz, taldekideek ezin izan dute lortutako igoera modu garbian eta merezi bezala ospatu nahiz gozatu".

"Zintzotasuna, ezer gainetik"

Anaitasuna futbol taldeak adierazi du "ezeren gainetik balioak" sustatzeko lana egiten duela herriko futbol taldeak, eta adierazi du kirola "bizitzarako eskola gisa" ulertzen dutela. "Egunerokoan txertatzen ditugun nortasun ikurren artean, oinarrizko zutabeak dira ahalegina eta iraunkortasuna, baina ezeren gainetik zintzotasuna dago. Zintzotasuna eta joko garbia barne hartzen ez dituzten jarrerak klub honetatik kanpo daude erabat".

Era berean, kluba bere komunitateari ere zuzendu da, eta klubaren helburu nagusia "herriko gazteak heztea eta formatzea" dela esan du. "Berdintasuna, kidetasuna, talde lana eta osotasuna bezalako balioak transmititzea lehenesten du Anaitasunak, titulu edo igoera moduan saritzen diren kirol emaitzen gainetik". Aipatutako konpromiso eta balio horiek defendatzeko lana egiten duten klub, entrenatzaile, jokalari, familia eta zale guztiei eskerrak eman dizkio Anaitasunak, bide batez. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide