Gipuzkoako Futbol Federazioak jakinarazi du bere baitako Diziplina Batzordeak ezohiko espediente bat ireki duela Ohorezko Kadete Mailako azken jardunaldian, igoera fasean, izandako ezohiko emaitzak ikusita, eta klubetako bik aurkeztutako salaketen ondoren. Zehazki, Arrupe Chaminade eta Danena taldeen arteko partidan eta Anaitasunaren eta Martuteneren artekoan gertatutakoak ikertuko ditu; izan ere, Arrupe Chaminadek 15-1 irabazi zion Danenari, eta Anaitasunak 16-1 Martuteneri.
Joan den asteburuan San Juan futbol zelaian erdietsitako garaipen horri esker, gorritxoek kadeteen Euskal Ligan jokatuko dute datorren denboraldian, eta Anaitasunaren historian aurreneko aldia izango da kadete mailako talde bat maila horretan aritzen dela. Hori horrela izango da, baldin eta federazioak ez badu bestelako erabakirik hartzen, hasi berri duen ikerketa egin eta gero. Guka Anaitasunarekin harremanetan jarri da egoeraz galdetzeko, eta Ibon Osinalde presidenteak garbi utzi du klubak ez duela inolako erantzukizunik iragan asteburuko emaitza susmagarriari dagokionez. Dena dela, Anaitasunaren jarreraren inguruan inolako zalantzarik gelditu ez dadin, bihar klubak ohar bat kaleratuko duela aurreratu du hark.
Espedientea zabalduta, partida horien bueltako gertakariak ez ezik, balizko erantzukizunak ere argitu nahi ditu federazioak. Horiek horrela, "lehiaketen osotasuna zaintzeko", erakundeak dei egin die jardunaldi hartan parte hartu zuten jokalarien familiei, klubetako teknikariei eta zuzendariei, partida haietan eragina izan zuten eta kirolaren aurkakotzat jotzen diren egitateen berri eman dezaten. Errugabetasun presuntzioa ahalik eta gehien errespetatuko duela esanda, federazioak ziurtatu du behar den tokiraino iritsiko dela "kirol orden onaren aurkako edozein jokabide gogortasunik handienarekin zehatzeko, batez ere parte hartzen duten jokalariak adingabeak direla kontuan hartuta".