Dozenaka haurrek eta gaztetxok gaur arratsaldean jokatu dute Antton Oñederraren –2018an hil zen Peña Elorzako arduraduna– oroimenezko txirrindularitza proba. Peña Elorza elkarteak antolatuta, zazpigarrenez egin dituzte lasterketak Trenbidearen Zumardiaren eta Juin industrialdearen artean.
Benjamin, kimu eta haurren mailetako lasterketak egin dituzte 16:30ean hasita. 900 metro inguruko zirkuituari hainbat itzuli eman behar izan dizkiote partaideek: bi benjaminek; sei kimuek; eta hamabi haurrek. Herritar ugari iza dira zirkuituan gaztetxoak animatzen.
Benjamin mailako proban hainbat lagunek parte hartu dute, baina ez dute sailkapenik osatzen maila horretan. Beraz, kimuen eta haurren mailetan osatu dituzte podiumak. Kimuen mailan, mutilen, lasterketa Peña Elorzako Julen Zinkunegik irabazi du, eta bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren, Eñaut Lizarralde eta Iker Barrueta. Nesketan, ostera, Kattalin Urzelai izan da garailea, eta Maddi Agirretxe iritsi da helmugara bigarren.
Haurren mailan, bestalde, mutiletan Peña Elorzako Xabat Aizpuruk irabazi du proba, talde bereko Julen Osa izan da bigarren eta Xabat Aiastui hirugarrena. Nesketan, berriz, Peña Elorzako Nahikari Oriak jantzi du txapela, eta bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenkeran, June Iraolagoitiak eta Peña Elorzako Elene Uriartek.