Herriartekoaren final laurdenetan ondo sartu dira palistak; ez, ordea, pilotariak

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 30a

Azkoitiko pilotariek Gurea pilotalekuan jokatutako jardunaldi bat, aurtengo Herriartekoan. (Andoni Elduaien)

Gomazko paletan 2-1 irabazi dituzte Astigarragaren kontrako joaneko partidak; eskuz, ostera, 1-2 galdu dituzte Oiartzunen aurkakoak. Datorren asteburuan erabakiko da kanporaketa, itzulerako partidak jokatuta. Palistak kanpoan ariko dira, eta pilotariak, etxean.

Azkoitiko palistek eta pilotariek atzo jokatu zituzten Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako joaneko partidak. Aurkari gogorrak espero zituzten batzuek zein besteek, bi kasuetan iazko txapeldunak hain zuzen. Palistek Astigarraga hartu zuten etxean, Gurea pilotalekuan, eta Oteiza kirol elkartekoek 2-1 irabazi zuten. Eskuzko pilotariak, ostera, Oiartzunen kontra lehiatu ziren Madalensoro frontoian, eta 2-1 galduta bueltatu ziren etxera.

Gomazko paletan, buruz buruko bi partidak irabazi zituzten Azkoitikoek. Kantxa osoan, Iker Epeldek 20-5 menderatu zuen Astigarragako aurkaria; eta zazpi koadroren barruan 20-6 gailendu zen Jokin Aizpuru. Aldiz, binakako partida 6-20 galdu zuten Azkoitiko palistek. 

Eskuz, gazteen mailako partida bakarrik izan zen Oteiza elkarteko pilotarientzat. Hori bai, maila horretan Jon Arregi eta Julen Etxaniz erabateko nagusitasunez aritu ziren kantxan, eta 6-22 irabazi zuten norgehiagoka. Kadeteen mailan, aldiz, Joanes Juaristik eta Denis Santosek ezin izan zuten Oiartzun mendean hartu, eta harentzat izan zen partida, 22-15 eginda. Azkenik, nagusien mailan, 22-7 galdu zuten Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik. 

Gomazko paletan zein eskuz, datorren asteburuan jokatuko dituzte final laurdenetako itzulerako partidak; palistek Astigarragan eta pilotariek etxean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide