Plazan elkartu ziren hainbat lagun atzo arratsaldean, maiatzeko azken ostirala izanik, presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko. Sarek deitutako elkarretaratzea egin zuten hileko azken ostiralero legez. Kontzentrazioa bukatzean plazaratu zuten irakurketaren arabera, konponbidearen alde lanean segituko dute: "Arduraz eta elkarren sufrimenduekiko enpatiaz, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko kontsentsuak eta gerturatzeak eraikitzen jarraitu nahi dugu".
Bake iraunkorra eta elkarbizitza justua eraikitzeko, presoen, iheslarien eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea eman behar zaiola adierazi zuten, halaber. Horri lotuta, datozen hilabeteak iragan direnak bezain "erabakiorrak" izatea espero dutela esan ere bai. Horri lotuta, datorren ekainaren 6an Sarek Arrasaten agerraldia egingo duela eta agerraldi horretan "garrantzi handia" ematen dioten albistea publiko egingo dutela aurreratu zuten. "Mugarri izatea" nahi duten agerraldira batzeko deia egin zieten herritarrei.