Otaba festek hartuko dute asteburuan Elosua auzoa

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 2a

Auzotarrak elkartean bilduta, festetan.

Larunbatetik astelehenera bitartean dozenaka ekintza egingo dituzte Azkoitia eta Bergara arteko auzoan, eta ez dute hutsik egingo bertso, jan-edan zein trikiti saioek. 

Ekaineko lehenengo asteburuan iritsiko dira otabak Elosura, eta datorren larunbatetik astelehenera bitartean, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute Azkoitia eta Bergarako auzotarrek zein hara joaten direnek. 

Larunbatean, 15:00etan hasiko dituzte festak etxafuego zein kanpai hotsekin, eta ondoren, mus txapelketa izango da. Parte hartzaileak 16:30ean hasiko dira jokoan, eta horiek ordu erdi lehenago eman beharko dute izena. Gauean, berriz, bertso afaria egingo dute Julio Soto eta Joanes Ilarregi bertsolariekin. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute afarirako leku guztiak beteta daudela. 

Hurrengo egunean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute Elosun, eta eguerditik aurrera, pilota partidak, meza nagusia zein jubilatuen bazkaria egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, toka txapelketa herrikoia jokatuko dute, eta Zabalek eta Lutxurdiok eskainiko duten erromeriarekin borobilduko dute eguna. 

Astelehenean amaituko dituzte jaiak, Otaba Txiki egunarekin. Eguerdiko mokaduaren ondoren, auzo bazkaria izango da, eta arratsaldean Lutxurdio eta Garixe trikitilariek auzoa girotuz agurtuko dituzte festak. 

Hona hemen egitarau osoa:

  • Ekainak 6, larunbata. 
    • 15:00. Jaiei hasiera emateko etxafuego eta kanpai hotsak. 
    • 16:30. Mus txapelketa (izen ematea 16:00etan).
    • 21:00. Bertso afaria Julio Soto eta Jonaes Ilarregirekin. Gai jartzailea: Txinbo. (Afarirako txartelak agortuta daude).
  • Ekainak 7, igandea. Jubilatuen Eguna. 
    • 12:00. Pilota partidak. 
    • 13:00. Meza nagusia, auzoan hildakoen alde. 
    • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elurmendi elkartean. 
    • 17:30. Toka txapelketa herrikoia. 
    • 18:00. Erromeria Zabale eta Lutxurdiorekin. 
  • Ekainak 8, astelehena. Otaba Txiki eguna. 
    • 13:00. Piskolabitx. 
    • 15:00. Auzo bazkaria.
    • 19:00. Triki poteoa, Lutxurdio eta Garixerekin. 
    • 21:00. Jaien amaiera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide