Ireki dute Tta-kun areto futbol taldearen V. Beltzen Torneoan izena emateko epea

Aroa Zamora 2026ko maiatzaren 29a

Iazko txapelketaren lehen eguneko irudi bat. (Guka)

V. Beltzen Torneoan izena emateko epea zabalik dago. Parte hartu nahi duten taldeek Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldearen Instragram kontuaren bitartez eman beharko dute izena, ekainaren 12a baino lehen.

Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak V. Beltzen Torneoa antolatuko du, eta, bide batez, txapelketan parte hartzeko izen emate epea ireki dute antolatzaileek. Taldeek ekainaren 12ra arte izango dute lehiaketan izena emateko aukera, Tta-kun taldearen Instagram kontuaren bidez.

Txapelketan parte hartu ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dituzte taldeek. Ohi bezala, taldeak mistoak izan beharko dira: gutxienez bi mutil edota bi neska izan beharko dira talde bakoitzeko. Guztira, zortzi jokalarik osatuko dute taldea, eta, horrez gain, entrenatzailea ere izan beharko dute horiek. Bestalde, parte hartzeko gutxieneko adin bat zehaztu dute; hain zuzen ere, 2009an edo lehenago jaiotakoek eman dezakete izena. Izena ematerakoan honako informazio hau bidali beharko du talde bakoitzak: lehiaketarako taldearen izena, taldekideen zein entrenatzailearen izenak eta kapitaina nor izango den. Behin izena emanda, antolatzaileek jakinarazi dute ezingo dela partaideetan aldaketarik egin.

Uztailaren hasieran hasiko dute txapelketa, baina antolatzaileek oraindik ez dute egun zehatzik finkatu, lehiaketan parte hartuko duen talde kopuruaren arabera hasiko dute-eta lehia. Txapelketa kanporaketa bidezkoa izango da eta partidak arratsaldeetan jokatuko dira, 18:00etan hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide