Eskola Agenda 2030 programa lantzen aritu diren ikasleak Ana Azkoitia alkatearekin udaletxean bildu dira gaur, ostirala, haiek egindako planen nondik norakoak eta ondorioak aurkezteko. Mugikortasun jasangarrian oinarritutako esku hartze planak antolatzen aritu dira Azkoitiko ikasleak ikasturtean zehar. Guztira, Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Azkoitia BHIko LH eta DBH mailetako 1.200 ikaslek parte hartu dute programan.
Bi esku-hartze plan diseinatu dituztela jakinarazi dute ikasleek: bata Eskolara Oinez, eta bestea, Azkoiti Bizikletaz. Ikasleek eskolara oinez joan nahi dutela adierazi dute, herrian auto gehiegi ibiltzen dela, eta eskola inguruetan autoekin egoera arriskutsuak bizitzen dituztela arrazoituz. Herriko planoaren gainean ikasleek etxetik eskolara egiten dituzten bideak bateratu ondoren, eskolara iristeko bide egokienak aukeratu eta aurkeztu dituzte. Era berean, gurasoen laguntza ere beharrezkoa izango zaiela jakinarazi dute, segurtasuna bermatzeko. Egitasmo horren probaldi egunak egingo dituzte ekainaren 8an, 9an eta 10ean.
Azkoiti Bizikletaz egitasmoari dagokionez, berriz, herrian bizikletaz ibiltzeko hainbat arazo eta puntu kritiko daudela ikusi dute, eta horiei aurre egiteko konponbideak proposatu dituzte. DBHko ikasleek iaz bidegorrian egindako azterketan identifikatutako gabezia horiei aurre egiteko, erabiltzaileek bete beharko dituzten arauak definitu dituzte, herriko puntu kritikoak konpontzeko proposamenak egitearekin batera.
Alkateak ikasleek egindako "lan sakona" goraipatu du udaletxean egin duten foroan, bertaratu diren ikasleak "biziki" zorionduz. Alkateak adierazi die ikasleei, udaletxean proposatutako guztia aztertuko dutela, eta ingurumenaren nahiz udalerriaren alde lanean jarrai dezaten eskatu die. "Azaldutako puntu askorekin bat egiten dugu, eta saiatuko gara dagozkigun konpromisoei heltzen eta betetzen", esan du alkateak.