Sodupe eta Iru Bat taldeekin jokatuko du Anaitasunak mailaz igotzeko ligaxka

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 28a

Anaitasunako jokalariak, teknikariak eta klubeko ordezkariak, Txerloian. (Anaitasuna)

Anaitasunak Espainiako Hirugarren Federazio Mailara igotzeko hiruko ligaxka jokatuko du datozen hiru asteetan. Fase horretan, Sodupe (Bizkaia) eta Gasteizko Iru Bat taldeen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Nolanahi ere, gorritxoek atseden jardunaldia izango dute asteburu honetan.

Azken asteak gorabehera handikoak izan dira Urola Kostako zenbait futbol klubetan, eta Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan, Anaitasunak igoeragatik egin du borroka urte guztian. Gorritxoek Irungo (Gipuzkoa) Real Union izan dute urte guztian zehar helburu hori lortzeko bidean arerio nagusia, baina, azkenean, txuri-beltzek lortu dute mailaz zuzenean igotzea. Nolanahi ere, Anaitasunak ez du itxaropenik galdu; izan ere, ametsa egia bihurtzeko bigarren aukera bat izango dute Loren Barbado entrenatzailearen gizonek.

Datozen hiru asteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailetan bigarren sailkatu diren taldeek hiruko ligaxka jokatuko dute, eta tartean izango da Anaitasuna, Gipuzkoa ordezkatuz. Ligaxka horretako onenak lortuko du igotzea. Fase horretan, Sodupe (Bizkaia) eta Gasteizko Iru Bat taldeen aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Hain justu, herenegun ezagutu zuten gorritxoek Bizkaiko aurkariaren izena. Somorrostro eta Sodupe taldeek zapatuan Bizkaiko ligako bigarren postua ebazteko norgehiagoka jokatu zuten Muskizen, baina partida herenegun amaitu behar izan zuten; izan ere, Sodupekoek bat eta bikoaren gola egin zutenean, epaileak bertan behera utzi behar izan zuen neurketa, harmailetan sortutako istiluak tarteko. Bada, neurketa hori osatzeko gelditzen ziren minutuak ateak itxita jokatu zituzten asteartean, eta Sodupek hirugarren gola eginda erabaki zuen dema, bide batez, Bizkaiko ligaren sailkapeneko bigarren postua ziurtatuz.

Zirt edo zart, ekainean

Hiru taldeen izenak zehaztuta, asteburu honetan bertan ekingo diote Ohorezko Erregional Mailako igoera faseari. Dena den, Anaitasunak atseden izango du lehen jardunaldian, eta hori hala, ekaineko lehen bi asteburuetan jokatu beharko ditu bere partidak. Aurrena, asteburu honetan, Iru Batek eta Sodupek Gasteizko Los Astronomos zelaian jokatuko dute partida, eta lehia horren emaitzaren arabera jakingo du datozen bi asteetako egutegia Barbadoren taldeak. Ekaineko lehen asteburuan, gorritxoek lehen partida horretako galtzailearen aurka aritu beharko dute, eta ligaxkako azken jardunaldian, irabazlearen aurka.

Era berean, lehen partida horren arabera zehaztuko dituzte Anaitasunaren etxeko eta kanpoko partiden ordenak. Alegia, Iru Bat taldeak irabazten badu lehen partida, Sodupen jokatu beharko du Anaitasunak datorren asteburuan; eta alderantziz, Sodupekoak nagusitzen badira Gasteizen, Iru Bat taldearen aurka jokatu dute gorritxoek ekaineko lehen asteburuan, Txerloian. Partida bakoitzaren amaieran, emaitza dena dela ere, penaltien txanda jokatuko dute, balizko berdinketak hausteko.

Igandean, Gorri Txiki Eguna

Datorren igandean, maiatzak 31, Anaitasuna futbol taldearen eskolako haurrei zuzendutako Gorri Txiki Eguna egingo du herriko futbol taldeak. Goizean, 10:00etatik 13:30era bitartean, futbol jolasak egingo dituzte klubaren eskolako kideek, San Juan futbol zelaian. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Berdura plazan, eta 16:00etatik 18:00etara, ikuskizun batez gozatu ahal izango dute partaideek. 

Anaitasunak taldekideei eskatu die hitzorduetan klubeko txandalarekin parte hartzeko. "Egun berezi bat izango da gure klubeko haurrentzat eta gazteentzat. Anaitasunako familia osoa bertan egotea espero dugu", azaldu du klubak. Era berean, futbol taldeak adierazi du arratsaldean Berdura Plazan eskainiko duten ikuskizunera gonbidatuta daudela haurren gurasoak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide