Gimnastika erritmikoko taldekako Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Elkargunean

Aroa Zamora 2026ko maiatzaren 29a

Gimnastika erritmikoko saio bat.

Taldekako Euskadiko Txapelketa jokatuko dute datorren igandean Elkargunean, 10:30ean hasita. Guztira, zortzi klubetako ordezkariak hartuko ditu Azkoitiak.

Gimnastika erritmikoaz gozatzeko aukera izango da igandean, Azkoitian. Gimnastek taldekako Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Elkargunean, 10:30ean hasita. 

Guztira, 48 gimnastek parte hartuko dute txapelketan; Tolosa, Donostia, Izarleku, Beti Aurrera, Beti Ritmica, Sakoneta, Bitxiak eta Oskitxo klubetakoak izango dira guztiak. Euskadiko Gimnasia Federazioak antolatu du lehiaketa, eta Azkoitiko Zubiberri kluba kolaboratzailea izan da. 

Horrez gain, Euskadiko Amateur Txapelketa ere jokatuko dute Zubiberri taldeko gimnastek larunbatean, Durangon. Goizeko jardunaldian, kadete mailako A taldean Ane Illarramendik eta Elene Astiazaranek parte hartuko dute arte uztaiarekin, eta Maite Rodriguezek zein Helene Murillok mazoekin. Arratsaldeko jardunaldian, berriz, kadeteen A multzoan bost pilotekin egingo dute proba Maialen Saenzek, Haizea Astigarragak, Intza Elortzak, Eire Segurolak eta Helene Murillok. Senior mailari dagokionez, A taldean arituko dira, Aitana Sanchez, sokarekin, eta Garazi Urdalleta, mazoekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide